Pasa den ekainaren 29an, Eskola Bikaina Denontzat izen ponposoa zuen “Eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahaia”-ren azken bilera egin zen. Mahai horrek eskola-segregazioaren kontrako ituna lortzea zuen helburu. Emaitza hutsa izan da.
Hezkuntza legea onartu baino lehenagoko prozesu berbera errepikatu da eta proposamenak eskola publikoaren eragile gehienen iritziaren kontra idatzi dira, bere langileen eta familien ordezkaririk gabe. Sailburua “hunkituta” agertu da eta lortutako adostasun maila goraipatu du nahiz eta sare publikoko eragileek, edo ez duten parte hartu, edo bidean zehar mahaia utzi duten, edota mantendu diren ahots kritikoak erabat baztertuak izan diren. Argazkiak erabateko garrantzia du: Pedrosa sailburua eta hezkuntza pribatuaren patronalen gehiengoa irribarretsu, sistemaren erdia bazter utzita.
Mahaian, hasieratik desorekatua izateaz gain, ez da ahalbideratu benetako eztabaidarik, diagnostiko partziala eta interesatua zuen txosten bakarra zegoen aztergai, metodologia inposatuta zen, parte hartzea eta ekarpenak guztiz mugatuak egon dira eta ondorioak idatzita zeuden mahaia osatu baino lehen. Prozesuan zehar mahaia utzi duten eragileen adierazpenak irakurtzea merezi du, adostasun sozialik ez dela egon eta dena aurretik diseinatuta zegoela (irakaskuntza pribatuaren mesedean) ulertzeko.
Bederatzi neurri proposatu dira hiru bloketan banatuta (Eskola-arrakasta sustatzea, Hezkuntza Eskaintzaren Kudeaketa, eta Familia eta Administrazioen arteko Jarduera Politikak). Bi nabarmendu nahi ditugu: ikastetxe kontzertatuen doakotasuna eta ume zaurgarrientzako “Eskola motxila”.
Mahaian proposatu diren neurriak kontinuistak dira eta ez dute kohesio soziala hobetuko, neurri paliatiboak direlako, ez dutelako jotzen eskola-segregazioa sortzen duen iturriaren kontra
Hezkuntza kontzertatuaren doakotasuna (dekretu berri batek arautuko duena): berriro onartu da faltsua den ekuazio bat. Horren arabera, itunpeko ikastetxeen doakotasunaren bitartez, inklusioa automatikoki etorriko litzateke, ikasle guztiek edozein ikastetxetan matrikulatzeko aukera izango luketelako, publikoa edo pribatua izan, eta, horrela, eskola-segregazioaren indizea murriztuko litzateke. Sinestarazi nahi digute, segregazioa gertatzen dela familia behartsuenak ez direlako zentro horietara sartzen beren kuotei aurre egin ezin dietelako, alegia, sinestarazi egin nahi digute familia guztiek nahi dutela hara joan, sare kontzertatua hobea omen delako. Planteamendu hori, klasista izateaz gain, faltsua eta sinplista da, eta azaleratzen du mahai horrek pribatizazioaren alde hartu duen jarrera garbia.
“Eskola-motxila”: ikastetxe kontzertatuetara behartuta joango behar duten ikasle zaurgarriak onartzeagatik ikastetxe horiei emango zaien diru kopuru da. Ikasleen banaketa orekatua lortzeko, aurrera eraman den neurri bakarra ikasle zaurgarriak (besteak ez) publikotik pribatura eramatea izan da eta ez da eraginkorra izan. Ba, orain, motxilarekin joango dira, alegia, diru publiko gehiago bideratuko zaie segregatzen duten ikastetxeei legez onartu beharko zuten baina onartzen ez duten ikasleak hartzeko, mesede hori egin diezaguten.
Gainerako zazpi neurriak ezagunak eta zaharrak dira, denak segregazioari aurre egiteko alferrikakoak: Harrera planak ikastetxeetan, Ikastetxeen autonomia garatzea, Irakasleen hasierako formakuntza berrikustea, Eredu eleaniztunaren inguruan gizarte-konfiantza sortzea (!), Plangintza eta Onarpenari buruzko dekretua berritzea, Hezkuntza Informazioko Udal zerbitzuak, Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko lankidetza Tokiko Akordioen bidez. Auzo lotsa ematen du tamaina hartako topikoak berriro entzun behar izatea.
Eskola Bikaina Denontzat delako mahai hori, funtsean, segregazioaren jatorria den hezkuntza sistema duala garatzera eta indartzera dator. Azterketa eta datu guztiek itunpeko irakaskuntzaren presentzia segregazioaren iturri nagusia bezala aipatzen dutenean, egoera kolokan ez jartzeak segregazioaren segidari bide ematen dio ezinbestez, hezkuntza sistema duala segregatzailea delako berez, ezin bestela izan. Eskola publikoa indartzeko neurriak hartu beharrean, legea inoiz bete ez duten ikastetxeen pribilegioak eta praktika gaiztoak zigortu beharrean (hezkuntza-itunak bertan behera utziz), diru gehiago emango zaie.
Mahaian proposatu diren neurriak kontinuistak dira eta ez dute kohesio soziala hobetuko, neurri paliatiboak direlako, ez dutelako jotzen eskola-segregazioa sortzen duen iturriaren kontra. Segregazioaren kontrako mahaia denbora galtze bat izan da, enegarren antzezlan instituzionala arazo baten aurrean zerbait egiten ari delako irudia emateko, dena zegoen bezala uzteko, beste aukera galdu bat.
José Manuel Martínez Fernandez eta Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.