"Segregazioaren kontrako mahaiaren balioa kolokan dago, gaur gaurkoz", adierazi dio ARGIAri Ikoitz Arrese Otegi EH Bilduko legebiltzarkideak. Eusko Jaurlaritzatik martxan jarritako mahaian parte hartzen ari da eta oso kritiko mintzatu da prozesuaz.
Egoeraren diagnostikoa eta ikuspegi eta printzipioak jorratu ostean, hirugarren eta azken faseari ekingo dio segregazioaren kontrako mahaiak: estrategia eta neurriak zehaztea. Hainbat eragilek mahaia utzi du, eta barruan jarraitzen duten ahots kritikoak ere entzun ditugu. Horietako bat da Ikoitz Arrese. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua ere elkarrizketatu nahi izan du ARGIAk, baina sailarekin hartu-emanean behin baino gehiagotan aritu arren, elkarrizketarik gabe geratu da ARGIA.
Egoeraren diagnostikoak hainbat eragilerengandik jaso duen kritika da Hezkuntza Sailak ontzat emandako diagnostikoa aldebakarrekoa dela, dagoeneko martxan den politika babestera datorrena.
Guztiz partekatzen dugu iritzi hori. Diagnostikoaren fasean guk egindako ekarpenetan baziren bi funtsezko (baloratu behar zela 2022ko hezkuntza akordiotik hona egindako neurrien aplikazioa eta euskarak eta hizkuntza ereduek duten eragina) eta ez zuten kontuan hartu ez bata ez bestea. Diagnostikoa aurrera nola atera den ere oso esanguratsua da: eragileok ekarpenak egin genizkion Hezkuntza Sailak aurkezturiko diagnostikoari, horiek jaso eta Hezkuntza Sailak berak erabaki zuen zein ekarpen sartu eta zein ez, inorekin partekatu gabe; gaur gaurkoz ez dakigu azken diagnostikoan zein ekarpen izan diren onartuak eta zein ez, eta larriena, ez dakigu kanpoan utzi diren ekarpenak zergatik utzi diren kanpoan. Are, diagnostikoa bozkatzea proposatu genuen eta uko egin zitzaigun, beraz ontzat eman da diagnostiko bat jakin gabe mahaikideon kontsentsurik duen, eta kontsentsurik ote duen ez dakigun diagnostiko batetik abiatuta, nekez egingo diogu aurre egoerari.
Hezkuntza akordioko neurrien aplikazioa baloratzeko beharra aipatu duzu. Diagnostikoak dio, adibidez, Hezkuntza Sailak harturiko neurrietako batzuek "aurrerapauso esanguratsuak" lortu dituztela…
Diagnostikoak jasotzen ditu Hezkuntza Sailak argitara eman nahi izan dituen datuak baino ez. Hezkuntza Sailaren diagnostiko horri kasu egiten badiogu, izugarrizko aurrerapausoak eman ditugu, baina ikastetxeetara joatea baino ez dago ikusteko 2022ko egoera iguala edo, are, batzuetan kaskagarragoa dela.
"Ontzat eman da diagnostiko bat jakin gabe mahaikideon kontsentsurik duen"
Metodologia izan da kritiken beste jo-puntu nagusia: benetako parte-hartze eta eztabaidarik ez dagoela salatu dute.
Bat egiten dugu kritika horiekin ere. Pentsa, exijitu dugulako azkenean lortu dugu hirugarren faseko bileretako metodologiaren arauak berriki bidaltzea, baina orain arte beste bi faseetan inongo metodologia eta araurik gabe aritu gara.
Parte-hartzeari dagokionez, lehenengo fasean ez da inongo parte-hartzerik sustatu, eta eragileon kritikak entzunda, bigarren fasean behintzat kanpo enpresa bat arduratu da ariketak antolatzeaz (post-itekin-eta), baina ez da saio horien aktarik egon eta berriro ere adostu gabeko lan lerroak atera dituzte hortik hirugarren faserako. Adibidez, EH Bilduko ordezkariak hiru lantaldetan aritu gara, eta hiruetan nabarmendu dugu jorratu behar direla Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eta marko horren barruan egoteko ikastetxeek bete behar dituzten baldintza eta betebeharrak, baina hirugarren fasean ez da planteatu ere egin gai propio bezala: norbaitek erabaki du zein gai sartzen den eta zein ez, eta ez digute horren inguruko azalpenik eman. Beste era batera esanda, Hezkuntza Sailak nahi izan dituen gaiak aukeratu ditu hurrengo faserako, ez benetan lantaldeetan hitz egin direnak.
"Hezkuntza Sailak nahi izan dituen gaiak aukeratu ditu hurrengo faserako, ez benetan lantaldeetan hitz egin direnak"
Zein giro dago bileretan?
Kordiala ez den beste girorik ezin izan da eman eragileon artean, ez dagoelako eztabaida sakonik, ez da benetako eztabaidarik bilatu, gogoeta guztiak norabidetu egin dira, sakontasunik gabe.
Hainbat eragilek, une ezberdinetan, prozesua utzi dute: ELA, LAB, STEILAS, EHIGE, PP eta Ikastolen Elkartea. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren esanetan, barruan zaudetenei eman behar zaizue zilegitasuna, baina barruan zaudeten batzuk ere oso kritikoak zarete.
Pedrosak prozesuan jarraitzen dugunongan jartzen du zilegitasuna, existitzen ez den kontsentsu baten inguruko irakurketa egiten duelako: dena ongi doala adierazten du, baina ikuspegi faltsua da, hilabeteak pasa dira eta oraindik ez gara letra txikira jaitsi. Gainera, prozesua utzi duten eragileez ari garela, segregazioari aurre egiteko neurriek askoren konplizitatea eta elkarlana behar dute, eta konplizitate horiek hautsi egin ditu Hezkuntza Sailak, apurtu egin ditu hezkuntza akordioan lortu ziren kontsentsuak, eta zentzu horretan mahaiaren balioa eta eraginkortasuna kolokan daude, gaur gaurkoz.
"Sailburuak etengabe esaten du aplikatzen ari den neurriak segregazioa konpontzen ari direla, eta orain dio bost-hamar urtetan ez dela konponduko?"
Begoña Pedrosak Berrian esana: “Segregazioa ez da konponduko ez bost urtean, ez hamarrean”.
Adierazpen horiek arduragabekeria izugarria dira. 2022an segregazioaren kontrako neurri oso zehatzak zehaztu genituen hezkuntza akordioan eta hamar urterako proposamena zen. Lau urte pasa diren honetan, sailburuak esatea beste hamar beharko dituela segregazioa konpontzeko, arduragabekeria da. Besteak beste, gainera, bere esanekin kontraesanean dago, etengabe esaten duelako aplikatzen ari den neurriak segregazioa konpontzen ari direla, eta orain dio bost-hamar urtetan ez dela konponduko?