Seaskak bertan behera utzi ditu mobilizazioak, Baxoan euskaraz erantzuteagatik ikasleak “kaltetuko” ez dituztelakoan

  • Aurtengo azterketan desobedientzia ariketa egiteko hautua egina zuten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek, matematika azterketa euskaraz eginda. Orain, Parisek 2028ko azterketari euskararako atea ireki ostean, Seaskak ebatsi du aurten euskaraz erantzuten duten ikasleen ongizatea “babestua” izango dela, eta mobilizazioak bertan behera utzi ditu.


2026ko maiatzaren 29an - 11:07
Baxoa euskaraz izatearen aldeko manifestazioa aurtengo urtarrilean, Baionan. Hizkuntz Eskubideen Behatokia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Seaskako Batzorde Eragilea baikor agertu da ostegunean zabaldutako oharrean. Bertan behera utzi dute ekainaren 6rako Bordeleko Errektoretza aitzinean deitutako mobilizazioa, azken egunetan Frantziako Hezkuntza Ministerioa ematen ari den pausoek eraginda. Horren aurretik, desobedientzia ariketa deitua zuten, eta Bernat Etxepare lizeoko ikasleek baxoko matematika azterketa euskaraz beteko dutela hitzeman dute. Orain, Seaskak aurreikusi du ikasleen ongizatea “babestua” izango dela, eta azterketa euskaraz egiteak ez dituela kaltetuko, zuzenduko baitituzte. Hori horrela, azken hilabeteotan mobilizatu diren eta Herri Urratsera hurbildutako guztiei eskerrak adierazita, ekainaren 6ko mobilizazioa geldiarazi dute.

Maiatzaren 5ean, sare sozialetan bizkor zabaldu zen bideo baten bidez, jakinarazi zuten Bernat Etxepareko ikasleek desobeditu eta matematika azterketa euskaraz egingo zutela aurtengo Baxoan. Ekintza horrek eragin zezakeen kalteaz jakitun ziren, azterketa ez zuzentzeak euren etorkizun profesionalean eragin baitzezakeen. Handik astebetera, Herri Urratsen, deitu zuten ekainaren 6ko manifestaziora. Agerraldiak, ordea, bere funtzioa bete zuen, eta handik bi astera iragarri du Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak 2028ko Baxoan ikasleek Berezitasun bat eta Ahozko Handiko frogaren parte bat euskaraz egin ahalko dutela. Aipatu erabakia mugarri gisa definitu dute ARGIAk elkarrizketatutako lizeoko ikasleek, baina iragarpenetik bi egunera zabaldutako oharrean, Seaskak ohartarazi du ministroaren hitzek ez dutela “sinesgarritasunik”, hauteskundeei begirako promesak baino ez direla. EEP, aldiz, baikor azaldu da iragarpenarekin.

Ordutik beste hiru egunera, ordea, Seaskak berriz hausnartu eta mobilizazioa bertan behera utzi du. Adierazi du asteon zenbait aldiz bildu direla, 2028ko baxoko euskarazko azterketa baieztatuta, erabakia “baikorra” dela ondorioztatu du batzorde eragileak. Eta bilera horietan ere ulertu dute aurtengo matematikakoan euskaraz erantzuten dutenek ez dutela kalterik izango. Bi horiek izan dira mugarri manifestazioa bertan behera uzteko.


Irakurri gehiago: Baxoa Gizartea Hezkuntza
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Baxoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.