Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko irakasleek sarrera blokeatu diete Hezkuntza Ministerioko ikuskatzaileei

  • Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ikuskatzaileak inspekzioa egitekotan ziren astelehen goizean Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioan, baina Seaskako irakasleek ez diete inspekzioa egiten utzi. Ikastetxeko atarian bildutakoek protesta egin dute, batetik, Frantziako Hezkuntza Ministerioak datorren ikasturtean ez diolako Seaskari irakasle postu gehiago emango –nahiz eta ikasle gehiago izango dituen–, eta, bestetik, baxoko azterketak euskaraz egiteko aukerari dagokionez aurrerapausorik eman ez delako.


2026ko maiatzaren 18an - 09:31
Azken eguneraketa: 12:04
Esteban Bastié Aguerre / Euskal Irratiak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Betharramgo ikastetxeko kasuaren ondotik –ia 100 ikaslek salatu dituzte bortizkeria fisiko eta sexu indarkeriak–, Hezkuntza Ministerioak areagotu egin ditu inspekzioak ikastetxe pribatuetan. Ziburuko kolegiora joan diren bi ikuskatzaileei gutuna eman diote Seaskako komunitatea osatzen duten irakasle eta gurasoek, errektoreari eta Hezkuntza Ministerioari helarazteko ez direla besoak gurutzaturik geratuko, eta euren eskubideen alde, ikasteko baliabideen alde, borrokatuko dutela.

Heldu den ikasturtean Seaskak 74 ikasle gehiago aurreikusten ditu Bigarren Hezkuntzan, baina postu gehigarririk gabe. Seaskaren ustez guztiz kontraesankorra da hori, Euskal Irratietako kazetari Esteban Bastié Aguerrek sare sozialetan jaso duenez.

"Frantziar Gobernuak Seaskaren garapena gelditzea erabaki du"

Datorren ikasturterako Frantziako Hezkuntza Ministerioak Seaskari emanen dion irakasle postu kopurua aurtengoaren hein berean mantenduko dela deitoratu du Seaskak. Azken hogei urteetan ikusi gabeko egoera kaxkarrenean daudela ohartarazi du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak.

"Frantziar Gobernuak Seaskaren garapena gelditzea erabaki du", adierazi du. "Euskarak Ipar Euskal Herrian garatzeko duen tresnarik eraginkorrena oztopatzea erabaki du. Bada 20 urte ez ginela halako egoera batean aitzinean". Ikasle kopurua gora doala, irakasle postu gehiago eskatuak zituen ikastolen federazioak, baina Frantziako Hezkuntza Ministeriotik ez dute postu berririk jasoko.

"Azterketetan gibel egin ondoren, orain postuekin ito nahi gaituzte?", galdera luzatu du Seaskak. Hain justu, azterketak euskaraz pasatzeko aukera ukatu die berriz ere Hezkuntza Ministerioak. Horren harira, Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek desobeditu eta euskaraz erantzunen dutela baxoko matematikako azterketari.


Irakurri gehiago: Seaska Gizartea Hezkuntza Ikastolak
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Seaska kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 13
Eric Etxart (Seaskako lehendakaria)
"Azken urteetako Herri Urratsik jendetsuena izan da igandekoa"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.