argia.eus
INPRIMATU
Satorralaiako kide bati ‘Mozal Legea’ ezarri izana salatu dute Donostian
  • Donostiako auzitegian bildu dira protestarako. Epaiketa emaitzaren zain gelditu da. Ertzaintzak ehun euroko isuna jarri zion norbanako bati, 2016an ustez kontzentrazio baten kokagunea baimenik gabe aldatzeagatik. Honek helegitea jarri zuen.

     

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 12a
Satorralaiako kide bati 'Mozal Legea' ezarri izana salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostian

2016ko azaroaren 16an Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Foro Globala egin zen Donostian eta hainbat eragile sozial elkarretaratu ziren Udaletxe aurrean. Jende asko bildu zela ikusita, trafikoa ez oztopatzeko tokiz aldatu zuten protesta antolatzaileek, eta ondorioz “gonbidatuei harridura eta interesa eragin zien”, Satorralaiaren arabera.

Mugimendu horretako kide batek erregistratu zuen deialdia eta Ertzaintzak 100 euroko isuna jarri zion protesta tokiz aldatzeagatik, ‘Mozal Legea’ oinarri hartuta.

Asteartean isun horren aurka jarritako helegitea deliberatuko dute Donostiako epaitegi batean eta Satorralaiak elkarretaratzea deitu du goizeko 9:00etan Justizia Jauregiaren aurrean. “Eusko Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatzeko lotsarik ez du –salatu dute–, demokrazia eta parte-hartze gehiago aldarrikatzeagatik isuna jartzen die herri mugimenduei”.