Sasoiko menu goxoa eta bertsoz eta ilustrazioz osatutako liburuxka opari

  • Ilargia eta landareak agendaren 10. zenbakia aterako du ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak. Hori ospatzeko, bertso bazkari berezian elkartuko dira landare zaleak irailaren 26an, Azpeitiako Azoka Plazan. Elikaguneak prestatu duen menu goxoa eta bertsoz zein ilustrazioz osatu dugun liburuxka aipatuko dizkizuegu, gosea egiteko. Gogoratu irailaren 20rako eman behar dela izena!


2026ko irailaren 18a - 09:57
Azken eguneraketa: 14:04
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irailaren 26an Azpeitiko Azoka Plazan aurkeztuko dute Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga egileek 2027ko Ilargia eta landareak agenda. Ez da ohiko aurkezpena izango, bertso bazkari berezi bat baizik. Izan ere, hamargarren urtea da bi egileek elkarrekin ARGIAren Bizi Baratzea proiektuko agenda argitaratzen dutena, eta zenbaki biribil hori ospatuko dugu, Lurraren inguruko gaiekin gozatzen dugun jendearekin batera.

Elikaguneak menu ederra prestatuko du: entsalada epela garaiko barazki eta lekaleekin; karrilerak saltsan eta kopa gozoa, jogurtez eta fruta konfituraz osatua. Haragirik jaten ez duenak adierazi izena ematerakoan, beste bigarren plater bat dastatzeko. Umeek pasta eta albondigekin gozatuko dute.

Bertsoz eta ilustrazioz osatutako liburuxka opari

Giro ederrean ahosabaia gozatzeaz gain, begi-belarriak ere kitzikatuko dizkigu ekitaldi bereziak. Jakoba Errekondok sasoiek eta ilargiak landareetan duten eraginaz argibideak emango ditu, baita bertaratutakoen galderak erantzun ere. Antton Olariagak hamar agenda horietarako berariaz egindako hainbat ilustrazio erakutsi eta azalduko ditu, umore finez. Eta Unai Agirre eta Maddalen Arzallus bertsolariek euren bozak elkartuko dituzte: entzungo ditugu haien bat bateko bertsozko ziriak, baita bi bertsolari hauek idatzitako bertso jarrien sorta ederrak ere, eta baita bertso zaharrak ere.

Bertsoak eta ilustrazioak gertutik gozatzeko, elkarrekin kantatzeko eta etxera oroigarri eramateko, liburuxka batean bildu ditugu egun horretan aipagai izango diren ilustrazioak eta bertsoak. Bazkaltiar bakoitzak jasoko du berea.

Plazer duenak 28 euroan du bertso bazkari berezi honetarako txartela, eta umeena 15 euroan. Bizkor ibili, irailaren 20rako eman behar baita izena. Horretarako, badira hiru modu:

ARGIAren Azokan eskaera egitea da aukera bat.

ARGIAra deitzea da beste aukera: +34 943 37 15 45

Eta Elikagunearen dendara joatea da hirugarren aukera, bertan ordaindu eta bazkaltiarren zerrendan idatzita geratuko da zure izena.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.