argia.eus
INPRIMATU
Sarrionandiaren ‘Gartzelako poemak’ berrargitaratu du Susak, “gaurko grafiara ekarria”
  • Kartzelako poemak izenburua du Joseba Sarrionandiak 1992an plazaratutako Gartzelako poemak (Susa) liburuaren berrargitarapenak. 1980tik 1985era bitartean idatzi zituen liburu horretako poemak Sarrionandiak, preso zegoela. Bertsio berrian, izenburuan bertan ikus daitekeen moduan, "gaurko grafiara" ekarri ditu testuak idazle bizkaitarrak. Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak azaldu duenez, "bidenabar, poeta guztiek ohitura duten hori egin du Sarrionandiak: poemei ukituak eman, esaldia mozteko modua aldatu...". Dena den, liburua "funtsean berbera" dela gaineratu du: "ez du aldaketa esanguratsurik".

2011ko azaroaren 11
'Kartzelako poemak' liburuaren azala.

Berrikuntzetako bat Jose Luis Otamendik idatzi duen Ezikusia egin dakioke itsasoari? izeneko hitzaurrea da. Halaber, "liburura ekarri gabe zeuden eta Sarrionandiak galduak zituen" zortzi poema ere bildu dituzte Kartzelako poemak liburuan, Post Scriptum atalean.

Argitalpen gehiago: Aitaren pitokeriak eta Azken garaipena

Euskarazko bi liburu gehiago aurkeztu dituzte Alberdaniak eta Ikastolen Elkarteak. Alberdania argitaletxeak Justin Halpern idazle estatubatuarraren Aitaren pitokeriak plazaratu du, Uxue Alberdik euskaratua, irakurle gazteei eskainitako Ostiral Sailean. Ikastolen Elkarteak, bestalde, liburu bakarrean bildu ditu Xabiroi komiki-aldizkarian atalka plazaratutako Azken garaipena zientzia fikziozko istorioaren zati guztiak. Iban Zalduak idatzi du komikiko gidoia, eta Julen Ribasek egin ditu marrazkiak.