argia.eus
INPRIMATU
Sarrionandiak Huheziren ikastaroetan parte hartuko du, “birtualki” bada ere
  • Joseba Sarrionandiaren itzulera Euskal Herrira ez dagoen arren baieztatuta, Huhezik antolatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroetan parte hartuko du. Josu Zabala errektoreak adierazi du gaur egungo baliabide teknologikoak baliatu daitezkela Sarrionandiak bere bi hitzaldiak “birtualki” eman ditzan, baina espero duela bertaratu ahal izango duela.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 16a
Sarrionandiaren lehenengo agerpen publikoa izango litzateke hau, 29 urtez klandestinitatean egon eta gero

Zabalak Radio Euskadin azaldu du oraindik ez dutela idazlearen itzuleraren baieztapenik. Unibertsitatea honen zain dago eta ez dakite noiz iritsiko den, Sarrionandia “hainbat jakinarazpenen zain dagoelako bere posizio partikularra ziurtatzeko”.

Sarrionandia “kultura eta literatura arloetan ospe handiko pertsonaia” dela adierazi du Zabalak. Ikastaroetan “normaltasun osoz, beste hizlariak bezala” parte hartu ahal izatea espero du, eta gogoratu du arazorik egonez gero baliabide teknologikoak erabil daitezkela bere partze-hartzea birtuala izan dadin.

Pasa den astean Julen Arexolaleiba koordinatzaileak Goienan iragarri zuen Sarrionandia etorri zitekeela. Dena den biharamunean Zuzeu-k adierazi zuen ez dela itzulerarik izango, ez legebidez, behintzat: "Sarrionandiak dagoen lekura itzuli nahi luke ostera ere Euskal Herrian egon ondoren, eta horixe da lortzen ez duena, dagoen lekura itzultzeko baimena".