Sarrea elkarteari jarritako zigorra behin-behinean baliogabetu du epaileak. Euskal Udalekuek eman dute epailearen ebazpenaren berri. Uda honetan Bernedon udalekuak egitea zaila izango dela adierazi dute.
Euskal Udalekuek ohar bidez jakinarazi dute epailearen ebazpena: aisialdi ekintzak antolatzeko jarria zioten debekua bertan behera gelditzen da, behin-behinean eta kautelazko neurri moduan. Euskal Udalekuetako antolatzaileek adierazi dute udalekuak antolatzen zituen Sarrea elkartea orain legalki ahalbidetuta dagoela aisialdi ekintzak antolatzeko eta udalekuak antolatu ditzakeela. Dena den, uste dute zaila izango dela uda honetan bertan Bernedoko udalekuak antolatzea: “Adingabeekin egiten dugu lan, eta gure helburua haur eta gazteei kalitatezko aisialdi jardun segurua eskaintzea da. Alderdi politiko eta medioek herrian izan duten jazarpen-jarrera kontuan izanda zail ikusten dugu Bernedon baldintza horietan aurtengo udaldia aurrera eramatea”.
Sarrea elkarteari, orain arte Euskal Udalekuak antolatu dituenari, zigor espedientea ireki zion Arabako Foru Aldundiak, udalekuak "diputazioari komunikatu gabe" egiteagatik. Espediente horretan, ikuskariak ebatzi zuen 9.000 euroko isuna jartzea elkarteari, eta Arabako Foru Aldundiak zigor hori berretsi zuen. Horrez gain, hiru urtez aisialdiko jarduerak antolatzeko inhabilitatuta egongo zen elkartea, eta tarte horretan bertan ezingo zuen dirulaguntzarik eskatu.