argia.eus
INPRIMATU
Gaddafik Sarkozyri 2007ko hauteskundeetarako 50 milioi euro eman zizkiola zabaldu dute
  • Mediapart egunkari digitalari filtratutako epaiketa prozesu bateko dokumentu sekretuaren arabera, Muammar al Gaddafi Libiako buruzagi ohiak Nicolas Sarkozyren 2007ko hauteskunde kanpaina diruz lagundu zuen. 

2012ko martxoaren 13a
Gaddafi eta Sarkozy, 2007ko irudi batean.

Mediapartek jakinarazi duenez, 50 milioi euro bideratu zituen Gaddafik Sarkozyren alderdiko bi bururen kontu korronte sekretuetara. Bitartekari lanetan Ziad Takieddine arma trafikatzailea aritu zela dio dokumentuak, eta Tripolira Sarkozyren bidaia antolatu zuela 2005ean.

Frantziako presidenteak "grotesko"-tzat jo zituen adierazpenok atzo gauean. Dena den, ez da informazio hau publiko egiten den lehen aldia. 2011n, NATOk Libia eraso baino bi egun lehenago, Libiako buruaren seme Sif al Islam-ek Euronews katean esan zuen Frantziako presidenteak Libiari itzuli egin beharko ziola hauteskundeak irabazten laguntzeko bidali zion dirua.