Sarek urtarrilaren 9ko manifestazioaren garrantzia azpimarratu du, jendetsuena eta antolatzen den azkena izan dadin

  • Euskal Herriko hainbat hiriburutan egingo dituzten ekitaldien artean lehena izan da astearte honetan Bilbon egindakoa, urtarrilaren 9ko manifestazioaren garrantziaz ohartarazteko eta borondateak batzeko. Manifestazio horretan kaleak betetzeko preso adina arrazoi daudela nabarmendu dute: 112.

Sare Herritarra plataformak asteartean Bilbon egindako agerraldia. Sare Herritarra

2026ko irailaren 22an - 16:12
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Helmuga, denak etxera goiburua izango du Sare Herritarra plataformak urtarrilaren 9an egingo duen manifestazio nazionalak. Hain zuzen, agertoki edo helmuga horretara heldu nahi du presoen eskubideen aldeko plataformak: preso guztiak etxera ekartzera. Manifestazio nazional hori jendetsuena eta "modu iraunkorrean" antolatzen den azkena izan dadin, ekitaldiak egingo dituzte hurrengo egunetan Euskal Herriko hainbat hiriburutan.

Astearte honetan Bilbon egindakoa izan da ekitaldi horien artean lehena, eta honako hiriburuetan izango dira hurrengoak: asteazkenean Baionan, ostegunean Gasteizen, eta ostiralean Iruñean eta Donostian. Ekitaldi horiek guztiak "euskal gizartearen pluraltasuna" ordezkatzen duten zenbait eragilerekin batera egingo dituztela adierazi du Bego Atxa Sare plataformako bozeramaileak.

Izan ere, Atxaren esanetan plataformak eginiko aldarrikapenak "euskal gizartearen zati handi baten ahalegin kolektiboaren fruitua" dira: "Denon artean egin ezean ez baita egingo". Ekainaren 7an Arrasaten eginiko agerraldian, Sarek garaiak aldatu direla azpimarratu zuen, eta egokitu beharraz mintzatu: "Elkarbizitza eta konponbidea bezalako hitzak egia bihurtzeko behin betiko urratsa euskal presoak aske, guztien etxeratzearekin, eta indarkeria guztien biktimak errespetatzearekin bakarrik izango da posible”.

112 arrazoi

Aldarrikapen horiek "eremu guztietan" presente egotea nahi dutela adierazi dute astearte honetan eginiko agerraldian, eta horretan arituko direla lanean hurrengo hilabeteetan. Hain zuzen, zehaztu dute lanean jarraitzeko 112 arrazoi daudela, egun espetxe egoera ezberdinetan aske ez dauden presoen kopurua beste. Horietako batzuei zigorrak arindu dizkieten arren, plataformak adierazi du gehienek etxean egon beharko luketela: "Espetxean bete duten denboragatik, erantzukizun zibila ordaindu dutelako eta kartzelan izan duten portaeragatik".

Sarek azpimarratu du azken urteetan aurrerapauso handiak egon direla, batez ere Eusko Jaurlaritzak 2021eko urrian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kartzelak kudeatzeko eskumena eskuratu zuenetik. "Ordea, aurrerapenak onartzeak ez digu galarazten aurretik oraindik dauzkagun zailtasunak", gehitu dute.

112 preso horien artean, 73k egunero zapaltzen dute kalea, bai hirugarren graduan daudelako, bai bigarren graduko 100.2 artikulua ezarri zaielako. Kontrara, 39 kalera atera gabe daude oraindik. "39 pertsona horien egoerak behartzen gaitu ahalegin handiagoa egitera", esan dute. Horiez gain, Sarek ez ditu ahaztu etxera itzultzeko oztopoak dituzten hamahiru iheslari eta hiru deportatu ere badaudela.

Azken txanpa

Azken txanpa deituriko "etapa berri bati" ikuspegi honekin heldu nahi dio presoen eskubideen aldeko plataformak: "Onartu lortutako aurrerapausoak, adierazi oraindik egiteko dagoena, eta lan egin, gure sorrera eragin zuten arrazoiak behin betiko desager daitezen". 

Adierazi dute "aurrera egin eta betikotu" behar ez den egoera bat bukatu beharra dagoela, eta horregatik jarraituko dutela salatzen euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenak: hain zuzen, berriki Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegiteak aurkeztu ditu Marixol Iparragirreri 100.2 artikulua aplikatzearen aurka ta Unai Paroti hirugarren gradua ematearen kontra.


Sare plataforma kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.