“Mendekua” dute oinarri fiskaltzak Iparragirreren eta Paroten aurka aurkeztutako helegiteek, Sarek salatu duenez

  • Sare Herritarrak gaitzetsi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren erabaki horiek ez dutela zerikusirik justiziarekin, eta "prebarikazio delituaren adibide argia" direla. 


2026ko irailaren 21ean - 13:03
Azken eguneraketa: 16:53
Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, igandean Gasteizen eginiko agerraldian. Sare Herritarra
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Justiziarekin zerikusirik ez duten erabaki judizialen aurrean gaude; aitzitik, mendeku jarreretan oinarritutako erabakiak dira", salatu du Sare Herritarra presoen eskubideen aldeko plataformak igandean Gasteizen eginiko agerraldian. Erabaki horiek dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Marixol Iparragirreri 100.2 artikulua aplikatzearen aurka aurkeztutako helegiteak eta Unai Paroti 3G sailkapena ematearen kontrakoak, azken hau aurreko astean aurkeztua. 

Agerraldian gogorarazi dute Iparragirrek hogei urte baino gehiago eta Parotek 30 baino gehiago daramatzatela espetxean, eta betetako zigor denbora kontuan hartuta aspaldi etxean egon beharko luketela. Gainera, Sarek azaldu du 100.2 artikulua aplikatzeko edo espetxe graduz igotzeko gomendioak Euskal Espetxe Administrazioko profesionalengandik datozela, "preso horien eguneroko bilakaera bertatik bertara ikusten duten eta gizarteratzeko prest daudela irizten dioten profesionalengandik". 

Azpimarratu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak –"500 kilometrora dagoen eta presoen bilakaerari buruzko zuzeneko ezagutzarik ez duen organo judizialak"– aurkeztutako helegiteak "zigor kodean definitutako prebarikazio delituaren adibide argia" direla.

Espetxe politika "arruntak"

Gisa horretako egoerekin amaitzeko, Sarek espetxe politika "arruntak" aplikatzea exijitu du, eta "bizikidetza prozesua sustatzen ez duten egoerak eta konfrontazioa betikotu nahi dituzten presio taldeei" aurre egiteko. "ETA desegin eta hamabost urtera ere horretan jarraitzen duten taldeei aurre egin behar zaie".


Euskal preso politikoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.