2014an sortu zen Sare Herritarra euskal preso politikoen sostengurako elkartea. Hamabi urteko jardunaren ondoren, larunbat honetan, ekainaren 6an, presoen sostengurako mobilizazio eredua aldatuko dela iragarri du Arrasaten (Gipuzkoa) egindako agerraldian; eta epe laburrera begira, bere desagerpena ere iradoki du.
Garai oso esperantzagarria bizi zuen euskal gizarteak 2014ko garai hartan. 2011n ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuen eta Bildu udal hauteskundeetara aurkeztu ahal izan zen, ilegalizazio urte gogorren ondoren. Alabaina, gatazkaren ondorio ugari bizi-bizi ziren oraindik, besteak beste ETAko preso eta iheslariena. Testuinguru horretan sortu zen Sare Herritarra, helburu argi batekin: “Aniztasuna bilatzea, euskal presoen eskubideen urraketak amaitzeko, indarkeriaren biktima guztiak oso kontuan hartuta”.
Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileek eman dute ezagutzera elkartearen hausnarketaren berri, eta gogoan izan dute espetxe politika gogorraren testuinguruan, Sarek hasieratik ekin ziola “urruntze- eta sakabanatze-politika salatzeari”. Hala, gogoratu dute errepideetan hamasei pertsona hil zirela eta mila auto-istripu baino gehiago. Gogoan izan dute, halaber, “kartzeletan 30 preso baino gehiago” hil zirela.
“Gaur egun, zuhurtziaz baina zintzotasunez, esan dezakegu egoera aldatu egin dela”, zehaztu dute. Eta, horren erakusgarri, datu batzuk plazaratu dituzte: Sare sortu zenean 465 preso zeuden, gaur egun 120 bat daude, horietatik %70 inguru hirugarren graduan edo 100.2 artikuluarekin; Euskal Herriko 35 herritan dago oraindik “motibazio politikoki preso, iheslari edo deportaturen bat”. 40 bat pertsona oraindik gradu progresiorik gabe daude, baina hori ere epe laburrean aldatuko dela aurreikusten dute.
Horrek guztiak “gure dinamikak egokitzea eskatzen du”, iragarri du Sarek. Presoen eskubideen aldeko sostengu dinamika eta mobilizazioa era batera garatu direla eta 2026-2027ko garaia trantsizio aldia izango dela: “Mobilizazioekin nola jokatu eta haien egokitasuna aztertuko dugu bai tokian-tokian, bai nazio mailan”. Eta gehiago ere esan dute: “Uste dugu osasuntsua eta arduratsua dela irudikatzea etorkizun hurbil horretan Sare ez dela beharrezkoa izango. Pentsatu behar dugu, gauzak ongi eginez gero, Sareren amaiera garaipen kolektiboa eta diskretua izango dela, eta ibilbide oso baten amaiera irudikatuko duela”.
Urtarrilaren 9koa, Bilboko azkena
Urte luzez, urtarril hasieran Sarek manifestazioa antolatu izan du Bilbon presoen eskubideen alde. Hurrengoa 2027ko urtarrilaren 9an izango da, Helmuga, denak etxera! goiburupean, eta iragarri dutenez azkena ere bai. “Elkarbizitza eta konponbidea bezalako hitzak egia bihurtzeko behin betiko urratsa emateko borondate irmoarekin joango gara”, zehaztu dute eledunek, “eta hori euskal presoak aske, guztien etxeratzearekin, eta indarkeria guztien biktimak errespetatzearekin bakarrik izango da posible”.
Aurrera begirako zailtasunak
Sarek garaiak aldatu direla zehaztu du Arrasaten, eta egokitu beharraz mintzatu da, baina bistan da oraindik ere badirela hainbat korapilo preso eta iheslari guztiak euren etxeetara itzultzeko bidean. Besteak beste hamahiru iheslari eta hiru deportatu daude Venezuelan, Kuban, Brasilen eta Cabo Verden. Presoekin askatasunerako bidea nola hala erraztu bada ere, iheslariekin gogor jokatzen ari da Auzitegi Nazionala, haien Euskal Herriratzeari eta birgizarteratzeari begira. Hori aldatzen ez den neurrian, hor guztiz askatzeko gaitza den korapiloa egongo da.
Bestelako zailtasunak ere badira. 26 bat presok –13 EPPK-koak eta 13 hortik kanpokoak– ez dute espetxe ibilbidea onartzen eta horrek ekar dezake oraindik espetxean luzaro egon beharra. Bestetik, Frantziako Estatuan diren presoen egoera dago: Mikel Karrera eta Saioa Sanchez. Karrera Lannemezaneko espetxean dago eta bizitza osoko kartzela zigorra du Frantzian. Zigorra Espainian betetzeko eskaera egina du, baina Frantziako Justiziak oraindik ez dizkio ateak ireki aukera horri. Saioa Sanchez Renneseko espetxean da, EPPKtik kanpo dago eta Espainiara ekartzeko eskaera egina du. Ez dirudi kasu honetan horretarako zailtasunik egongo denik.
Zailtasunik handiena, dena den, 40 urteko kartzela zigorra duten hamalau presoena da. Arazo handiena da horietako batzuek 32 urte beteta izan behar dituztela baimenak lortzeko, hau da, espetxetik baimenekin ateratzen hasteko. Kasu horretan dira, esate batera, Igor Portu eta Mattin Sarasola. 2008an atxilotu zituzten eta 2048ra arteko zigorra dute. Kalera ateratzeko lehen baimenak 2040an lortuko lituzkete.
Horrez gain, oraindik ez da inor epaitu, baina hamabi bat lagunen aurkako auziak irekita daude. Horietan, ustez ETAko zuzendaritzan egondako hainbat pertsonari, garai horietan ETAk egindako atentatuen ardura leporatzen diete, haiek materialki halakorik egin ez bazuten ere.