Sare sozialak adin txikikoei debekatzea egingarria al da praktikan?

  • Australiako esperientziak zein datu utzi ditu benetan? Zergatik ezin da horrela egin Europan eta zein izango da gurean erabiliko den mekanismoa? Eraginkorra izango al da? "Mito bat amaitzeko balio izan du: multinazional teknologikoei ezin zaiela mugarik jarri eta gobernuek ezin dutela ezer egin", kontatu dio ARGIAri Telmo Lazkano osasun digitalaren arloko aholkulariak.

Freepik | Argazki-muntaia: Dani Blanco

2026ko ekainaren 24an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Aitzindari izateak “esperimentu” kutsua eman dio Australiari: abenduan debekatu zuten sare sozialak 16 urtez azpikoek erabiltzea. Hilabete batera gobernuak publiko egin zuen neurri horri esker adin txikikoen 4,7 milioi kontu ezabatu zituztela; ondoren, baina, haur eta gazteak amarru bidez berriro ere kontuak irekitzen ari zirela zabaldu zuten herrialde hartako hedabideek. Gustura mugitu dira errelato horretan korporazio teknologikoak, Interneti hesirik ezin zaiola jarri pentsatzeak iradokitzen duelako ezin dela ezer egin enpresa horien jardunbidea mugatzeko.

Urte erdia pasa denean, datua eman digu Telmo Lazkanok: 16 urtez azpikoen %40ak ez du konturik sare sozialetan Australian, kasik bitik batek. “Mito bat amaitzeko balio izan du: multinazional teknologikoei ezin zaiela mugarik jarri eta gobernuek ezin dutela ezer egin. Gainera, gizartea kontzientziatzeko tresna izan da. Australian, 15-29 urteko gazteen %60 ados dago neurriarekin, eta biztanleria osoaren %90”. Helburu zehatzetara joanda, “hamar urtetan lortu ez dena hilabete gutxitan egin dute, milioika eta milioika nerabe sare sozialen kontsumo kaltegarritik ateratzea, egunean hiru-lau-bost ordu sare sozialetan kateatuta pasatzetik zero ordu pasatzera”, azpimarratu du Lazkanok.

"Multinazional teknologikoek saltzen dute etsipen bat, ‘ezin duzu ezer egin, hortaz ez saiatu’, baina saiatu behar dugu, gauzak lor daitezke-eta"

Beraz, multinazional teknologiko handiek gailentzea nahi duten mezua ez da hala: “Saltzen dute etsipen bat, ‘ezin duzu ezer egin, hortaz ez saiatu’, baina saiatu behar dugu, gauzak lor daitezke-eta. Hobetu daitekeela? Bai, adin txikikoak sare sozialetan sartuz gero isuna enpresari dagokiola esaten du Australiako legeak, baina ez ditu mekanismoak jarri hori gauzatzeko”. Are, adin txikikoak sartzea eragozteko benetan neurri eraginkorrak ez hartzea egotzi diote zenbait enpresa teknologikori.

Zer dator gurera?

Erresuma Batua izan da batzen azkena: 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatuko dizkiete, aurrez Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak (15 urtez azpikoei) iragarritako ildoan, beste hainbat estaturen artean. Dena den, ez dituzte Australiak onartutako egiaztatze teknikak aplikatuko, Europar Batasunak datuen pribatutasunari ematen diolako lehentasuna. Lazkanok azaldu digunez, “Australian, datu oso sentsibleak esku oso zalantzagarrietan utzi dira; erabili den teknologiaren atzean Palentir dagoela aipatu da” (ikusi Palentirri ARGIAn eskaini genion erreportajea). Europako herrialdeetan, pribatutasunari dagokionean askoz seguruagoa den mekanismoa erabiliko dela azaldu du: “NANean edo pasaportean dugun txipari lotua joango da eta horren bidez dena delako sare sozial edo aplikazioa erabiltzeko gai zaren ala ez baino ez du irakurriko, ez izen-abizenik ez inongo daturik eman gabe; teorian behintzat”.

"Europan, NANean edo pasaportean dugun txipari lotua joango da adina egiaztatzeko modua eta gai zaren ala ez baino ez du irakurriko, ez izen-abizenik ez inongo daturik eman gabe; teorian behintzat"

Zenbateraino da eraginkorra sistema hori? “Beti egongo da ehuneko bat saihestuko duena eta legez sartu ezin duen aplikazio horietan sartuko dena, gainera ez baita eskua sartu VPN sareetan (nolabait, sare horien bidez adibidez Indian zaudela irudikatu dezakezu eta hango sistemen arauen arabera jardun, errealitatean Euskal Herrian egon arren)”. Halere, positiboa da Telmo Lazkano: “Eraginkorra izango da eta kontzientzia zabaltzeko ere balioko du. %100ean lortu ez arren, milioika nerabe pederastiatik kanpo egotea Interneten, milioika neraberi bizitza bueltatzea sekulako arrakasta da. Azken finean, legeak ez ditugu egiten asebetetze mailari bakarrik begira, bestela kendu egingo al genuke alkohola edanda gidatzeko debekua, ezin delako %100ean kontrolatu?”.

Osasun digitalaren aholkulariak nabarmendu du zeinen aurrerapauso handia den adin txikikoak babesteko sare sozialak debekatzeko legea, aintzat hartuta enpresa teknologiko handiek duten botere izugarria. Europar Batasunean, aldeko 483 botorekin onartu da legea: “Oso-oso lege gutxik izan dute horrelako kontsentsua, haur eta nerabeen osasuna dagoelako erdigunean, enpresa teknologikoak haur eta nerabeekin egiten ari direna mugatzea”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Sare sozialak kanalean gehiago
2026ko apirilaren 22
Teknologia
Teknologia egokiagoak

2026ko otsailaren 25
Arrastoez

2026ko otsailaren 18
Teknologia
Nor da nor?

2026ko otsailaren 11
Teknologia
Migratzaile digitalak

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...