Aditu talde batek egindako ikerketari jarraika, kezkati agertu da Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen. Txostenaren arabera, sare sozialen erabilerak ondorio kaltegarriak ditu haurrengan, batez ere 10 eta 13 urte bitartekoengan. Horregatik, sarbidea debekatu ala ez aztertzen ari dira, beste neurri batzuekin batera.
Gero eta herrialde gehiago daude kezkatuta sare sozialek haurrengan dituzten ondorioekin. Australia izan zen aitzindaria neurriak hartzeko orduan, 16 urtetik beherako gazteei debekatuta, berdina egin zuen gero Erresuma Batuak, eta jarraian Espainiak eta Frantziak iragarri dituzte debekuak 15 urtetik beherakoentzako. Are, Europar Batasunera ere iritsi da kezka. Aditu talde baten ikerketak gomendatu du 13 urte azpikoei sare sozialetarako sarbidea mugatzea, eta Europaro Batasunak jakinarazi du gaia aztertu eta udazkenerako proposamen bat aurkeztuko duela.
Europako Batzordeak berak eskatu zion martxoan aditu taldeari Internetek haurrengan eragiten dituzten kalteak ikertu eta hartu beharreko neurri posibleak proposatzeko. Helburua da herrialde guztientzako arau komuna garatzea.
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak prentsaurreko bidez aurkeztu ditu txostenaren ondorioak. Europar Batasuneko haurrek sei ordu inguru ematen dituzte pantailaren aurrean, eta horrek ondorio larriak izan ditzake, hala nola depresioa, adikzioa eta ziberjazarpena. Gainera, ikerketak nabarmendu du eragin kaltegarrienak 10 eta 13 urte bitarteren artean gertatzen direla.
Horregatik, teknologiak "izugarrizko aurrerapenak" ekartzen dituela onartu badu ere, Von der Leyenek ohartarazi du neurriak hartu behar direla, eta horretan jardungo dutela udazkena bitarte, "haurrei haurtzaroa itzultzeko".
3 urte arte debekatuta pantailak, eta 13 urte arte sare sozialak
Von der Leyenek pantailen erabilera kotxearen erabilerarekin edo alkoholaren kontsumoarekin alderatu du: "Legezko adina ezarrita dagoen bezala, haurrak sare sozialetan sartzeko legezko adina ezarri behar dugu".
Adituek proposatu dute 3 urtez azpikoei guztiz debekatzea pantailarako sarbidea, eta 13 urte bitartekoei, berriz, sare sozialetarakoa. 13 urtez azpikoek pantailak tutoreen begiradapean eta "denbora muga ezarrita" erabiltzea ere gomendatu dute.
13 urtetik aurrerakoek sarbide "mailakatua" izango lukete sare sozialetara, plataforma bakoitzaren kasuan arau ezberdina ezarrita. Gainera, plataformek frogatu beharko lukete adinerako egokiak eta seguruak direla, eta plataforma mota ezberdinak bereizi beharko lirateke, zenbaterainoko kaltea eragin dezaketen neurtzeko. Neurria sare sozialetan soilik ez, adimen artifizialaren eta bideojokuen erabileran ere aplikatuko litzateke.
Neurri horiek dira aditu taldeak proposatu eta Europako Batzordeak onartu dituena. Ordea, ikusteke dago zeintzu neurri proposatuko dizkien udazkenean Von der Leyenek estatukideei. Zentzu horretan, azpimarratu dute herrialde bakoitzak neurria gogortu ahalko lukeela.
Gurasoen eta enpresa teknologikoen ardura
Neurriak neurri, azpimarratzekoa da azken hitza gurasoek izango luketela. Horregatik, presidenteak sare sozialen erabileraren "hezkuntza hobetzeko" beharra azpimarratu du, "misio horretan denek dutelako paper bat".
Halere, gogoratu du "mundu digitalaren arriskuak" ez direla bat-batekoak, baizik eta "eredu ekonomiko batzuen ondorioa, zeintzuek salgaitzat hartzen duten adin txikikoen arreta", enpresa teknologiko handiei erreferentzia eginez.