argia.eus
INPRIMATU
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon
  • Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa izango dela aurrerantzean ere.

ARGIA @argia 2024ko urtarrilaren 15a

Sare Herritarrak eta Etxeratek deitutako Bilboko urteroko manifestaziora dozenaka mila herritar joan ziren larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak defendatzera. Naiz-en estimazioaren arabera, 68.000 lagun elkartu dira, iaz baino zertxobait gehiago. Bilboko Udaltzaingoaren arabera, 20.000 lagun bildu ziren. Konponbiderako Giltzak lelopean, hurrengo etapa bakearena dela oroitu du Sarek: “Har ditzagun gure eskuetan konponbidearen giltzak. Sufrimenduari ateak itxiko dizkioten giltzak. Elkarbizitzarako ateak irekiko dituzten giltzak”, adierazi dute Anaiz Funosasek eta Joseba Azkarragak amaierako ekitaldian.

Presoen sakabanaketa amaituta, Sarek deitoratu du oraindik ere salbuespeneko trataera ematen zaiela eta hori amaitzeko borrokan jarraituko duela: “Ahalegin kolektibo honi esker bidea irekitzen ari gara euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxera itzul daitezen”. Presoen eskubideak denen artean defendatzeko beharra nabarmendu dute, baita alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen lana ere.

Presoei legedia arrunta aplikatzea eskatu dute, une honetan kaleak behar luketen preso ugari espetxean baitaude: “Espetxe politikan eta politika judizialean salbuespeneko arauak desagertzea exijitzen dugu”. Presoen etxera bidea “euskal gizarteak” definitu behar duela esan dute, baina erabaki politiko “ausart eta zuzenak” hartzeko eskatu diete erakunde politiko eta judizialei. Larunbateko manifestazioa eragile politiko eta sozial ugarik babestu dute, eta Sarek lorpen gisa baloratu du.

Denis Itxasoren adierazpenei erantzuna

Datorren pausoa Beatrice Molle eta Txetx Etxeberriri elkartasuna adieraztea izango dela jakinarazi dute, apirilaren 2an eta 3an epaituko baitituzte Parisko Zigor Auzitegian, ETArekin lotutako armak, munizioak eta lehergaiak garraiatzea egotzita, armagabetze prozesuan. Haien lana azpimarratu dute eta babesa adierazi.

Sarek oroitarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari, eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esandakoak gaitzetsi ditu. Hain zuzen, Itxasok Euskadi Irratian adierazi du “ETAko presoei ohiko legedia” aplikatzen zaiela, “terrorismoa amaitu zenetik”. Bego Atxa Sareko bozeramaileak ezeztatu egin du, eta ohartarazi oraindik ere presoei ez zaiela kontuan hartzen Frantziako Estatuan espetxean igarotako zigorraren urte kopurua, besteak beste: “Ondo baino hobeto daki aplikatzen dena ez dela legeria normalizatu bat, baizik eta José María Aznarrek 2005ean onartu zuena, hurbiltasuneko epaitegietatik eskumenak kentzeko. Hori ETArekin onartzen da, eta ez gaude egoera horretan”.