argia.eus
INPRIMATU
Sarako Idazleen Biltzarraren 36. edizioak aldaketak ekarriko ditu
  • Ipar Euskal Herriko literaturaren azoka garrantzitsuenaren 36. edizioa apirilaren 22 eta 23an ospatuko da. Antolatzaileek aldaketak iragarri dituzte. Bigarren eguna, 23 asteartea, bereziki literatura modu profesionalean lantzen dutenei eskainia izango da.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 12a

Sarako Idazleen Biltzarrak mintzaldi eta arte ekitaldi anitz antolatu ditu 36. edizioari begira. 125 egilek, 27 argitaletxek eta 11 elkartek hartuko dute parte. Ipar Euskal Herriko literaturaren azoka garrantzitsuena da Biltzarra. Antolatzaileek baina, ekimena zahartzen joan ote den inpresioa hartu dute azken urteetan.

Jende gaztea erakartzea zaila dela diote antolatzaileek. Beraz, egitura eta ibilmoldea eraberritzea erabaki zuten duela hiru urte. Egokitzapenak egiten ari dira ahalik eta jende gehien erakartzeko, eta euskal literaturaren espazioa handitzeko.

Elkarteko idazkari Patrick Pepinek dioenez: “Urtero harri berri bat ezarri ohi dugu. Igandea ez zela egunik egokiena ohartu ginen, baina azoka bi egunez izatea nahi genuenez, Biltzarra profesionalentzako egun batekin osatzea bururatu zaigu”.

Sarako Biltzarra elkartearekin batera, Euskal Kultur Erakundeak, Bilketa funtsak eta departamendu mailako liburutegi sareak parte hartuko dute astearteko antolakuntzan. Bilketa taldea kide berria da. Funtseko arduradun Marie-Andre Ouretek “partaidetza-eguna” gisa izendatu du asteartea.

Ekimena mugaren bi aldeetako profesionalei zuzenduta dago: “Publikoa Ipar eta Hego Euskal Herrikoa izatea nahi dugu, profesionalen arteko harremanak sortu edota zabaltzeko”. Kari horretara, Euskal Idazleen Elkarteak bere izaera eta lan ildoak ezagutaraziko ditu elkarteko lehendakari Garbiñe Ubedaren eskutik.