Sapiens sapiens


2026ko apirilaren 21ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Egia da gizakiok geure buruari deitura laburtu egin diogula. Orain sapiens bakarrik erabiltzen dugu. Biak erabiltzea luzeegi iruditzen ote zaigu? Edo, bi aldiz sapiens jartzen dugunean errepikapen hutsa dela deritzogu?

Sapiens, Homo sapiens, gaurko gizakiaren espeziea da. Homo barruan espezie gehiago ere izan ziren, beste bi behintzat: Homo heidelbergensis eta Homo neanderthalensis, Homo sapiens espezietik gertuenekoak. Gizakia Afrikako sabanatan zutik jarri zenetik 10-15 bat espezie desberdin izan omen ziren Homo sapiens sortu aurretik.

Zergatik deitu Homo sapiens sapiens, ez al da bat bakarrik nahikoa? –Badira bi abizen berdinak dituzten pertsonak ere, zergatik ez?–. Homo generoa da eta sapiens espeziea: “Gizaki jakintsua”. Bigarren sapiens hori azpi-espeziea da. XX. mendean jarri zioten bigarren abizen hori; bat-batean, ematen du ez zutela burua gehiegi nekatu zientzialari arkeologoek. Baina sapiens sapiens “jakintsua jakintsua” bi aldiz errepikatzeak zerbait esan nahiko du.

Zientzialariek, aurkitutako buru-hezurrak eta hezurrak orokorrean ongi aztertu ondoren hartuko zuten bi aldiz sapiens deitzeko erabakia. Desberdintasun izpiren bat topatuko zuten bigarren sapiens hori ezartzeko. Uste dut zientzialari guztiak ez zeudela guztiz ados, eta guk bakean utziko ditugu euren eztabaidetan.

Gai baten inguruan gure pentsamenduekin hamar minutuz, kontzienteki, arreta galdu gabe jardutea, txapeldunen emaitza da. Egin ezazu froga, ea zenbat minutu irauten duzun arreta galdu gabe

Azken hamarkada honetan beste arlo batzuetako ikerlariek, adibidez, neurozientzialariek, bi sapiens horiek ongi jarrita daudela eta bere esanahia badutela diote. Antropologo, soziologo eta psikologo ikerlari askok Homo sapiens beste sapiens azpi-espezie batekin bataiatzeak nahasmena dakarrela diote, nahiz eta Homo sapiens batzuengan emandako garapen kognitiboak beste Homo sapiens batzuetatik ederki bereizten direla onartu.

Beraz, Homo sapiens sapiens gizaki “jakintsua” da. Pentsatzen dakien gizakia. Hori baino gehiago oraindik, pentsatzen badakiela dakiena. Alegia, baduela pentsatzearen kontzientzia. Zuek uste duzue hori egia dela? Multzo horretan sartzen ote gara ba denok: politikoak, apaizak, idazleak, medikuak… batez ere zenbait gidari politiko?

Geure gogoz eta nahiaz pentsatzeko ahalmena dugulako ez du esan nahi horrela pentsatzen dugunik. Normalean, gehienetan, automatikoki pentsatzen dugu eta ez gara enteratu ere egiten zertan eta zertaz ari garen pentsatzen. Gure pentsamenduak saskibaloiko edo futboleko baloi baten antzera doaz batetik bestera gelditu ere egin gabe. Baina, diotenez, Homo sapiens sapiens izanik, guk nahi dugunean eta gura dugun gaiez pentsa omen dezakegu. Horretarako landu egin behar omen da gure pentsamenduen makina.

Neurozientzian eginiko aurkikuntzarik aberatsenetakoa gure burmuinaren plastikotasuna, moldagarritasuna edo malgutasuna da. Buztin freskoa moldagarria den bezala.

Filosofoek eta pentsalariek orduak ematen dituzte gai garrantzitsu baten inguruan pentsatzen eta pentsatzen. Baina gehiengo handi batek ez dugu gure pentsamenduekin gaitasun hori. Gai baten inguruan gure pentsamenduekin hamar minutuz, kontzienteki, arreta galdu gabe jardutea, txapeldunen emaitza da. Egin ezazu froga, ea zenbat minutu irauten duzun arreta galdu gabe.

AEBetako inkesta batek dioenaren arabera, bertako helduen %85ek ez diote pentsatzeari denborarik ematen euren aisialdi garaian. Gure burmuinak automatikoa eta azkarra den prozesu inkontzienteak lehenesteko joera du. Gure %95eko pentsamendu jarduerak automatikoki egiten dira, energia aurreratzeko eta erantzun azkarrak emateko.

Gure pentsamenduak gogoaren eta nahi dugunaren bidetik zuzendu nahi baditugu, garbi dago ahalegin berezi bat egin behar dugula eta horretan behin eta berriro saiatu. Automatikoarekin ohituta gaudenez, ez da erraza ahalegin hori egitea. Ez da komeni pentsamenduak kontrolatzea, zuk nahi dituzun pentsamenduekin automatikoak gainditzea baizik; kontrolatze hutsak kontrako efektua egiten baitu. Horretarako kontzentrazioa, arreta sakona, beharrezkoa da.

Eguzkia goraka badoa eta dagoeneko erdi-bidean dugu, udaberriko ekinozioan. “Sekula ez da berandu!”, esan ohi da, eta seguru nago hemendik udarako solstizioa iristerako ahalegin batzuk egingo ditugula eta udarako “operación… mental”  egingo dugula, San Juan gauean izarrak garbiago ikusteko gogoarekin. Hori egiten badugu, sapiens sapiens izango gara, bestela, Homo sapiens bakarrik.

Iñaki Lasa Nuin

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.