Santurtzin hildako gaztearen familiak kasua epaitegietara eramateko asmoa du, gertatutakoa argitzeko

  • Santurtziko udaltzainen interbentzio baten ostean hildako gaztearen gurasoekin egon da Naiz.eus hedabidea, eta azaldu dute haien semeak, eskizofreniaren ondorioz, agerraldi psikotiko bat zuenean komisariako txirrina jotzen zuela laguntza eske. Oraindik galdera anitz argitzeke daude; bertzeak bertze, zergatik egon zen biktima bi orduz lurrean eskuburdinak jarrita.


2026ko ekainaren 30ean - 10:25
Azken eguneraketa: 12:07
Anderrentzat justizia eskatzeko manifestazioa, larunbatean, Santurtzin. Gedar
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ekainaren 24an hil zen Ander S.T. 29 urteko gaztea, Santurtzin (Bizkaia), bi egun lehenago Udaltzaingoak taser pistola batekin eraso egin eta koman utzi ostean. Hori salatzeko, eta udaltzainei eta Santurtziko Udalari erantzukizuna eskatzeko, elkarretaratzea egin dute larunbat honetan, Ezkerraldeko Mugimendu Sozialistak eta eskualdeko bertze zenbait kolektibo antifaxistek deituta.

Anderren familiak, bere aldetik, gertatutakoa argitzeko epaitegietara jotzeko asmoa duela azaldu dio Naiz.eus hedabideari. Izan ere, oraindik hainbat galdera daude airean; hala nola, zergatik egon zen biktima bi orduz lurrean eskuburdinak jarrita.

Naiz.eus-en arabera, biktimaren aitak Udaltzaingoaren dei bat jaso zuen astelehen horretan, 16:15ean, eta lehendik ezaguna zuen udaltzain batek jakinarazi zion bere semeak “hiru agenterekin liskarra izan zuela, eta atxilotu eginen zutela”. 

Bi ordu geroago, bertze dei bat jaso zuen, oraingoan Gurutzetako ospitaletik. Abisua pasa zioten Ander larrialdietan zegoela, eta aita ospitalera joan zenean guardiako medikuak erran zion semea “lurrean erorita” aurkitu zutela, eta “ez zekitela zenbat denbora egon zen egoera horretan”.

Gertaeren ondorioz, koman sartu zen Ander, eta handik bi egunera zendu zen. Bere heriotza-ziurtagirik dio “bero-kolpe baten ondorioz” hil zela. Aitak ez du baztertzen bero-kolpe batek buru-nahasmendua eragin izana Portugaleteko kaian arrantzan ari zela; han utzi zituen Udaltzaingoak berreskuratutako kanabera eta motxila.

“Nire semeak eskizofrenia puntu txiki bat kontrolatua zuen, eta batzuetan, bere paranoien ondorioz, deskontrolatu egiten zen”, azaldu dio aitak Naiz.eus-i. Gaineratu du Anderrek agerraldi psikotiko bat zuenean komisariako txirrina jotzen zuela laguntza eske. Poliziaren atestatuak islatzen duenez, halaxe egin zuen astelehen arratsaldean ere.

“Lapurreta eta eraso saiakerarik ez”

Atea jo ondoren, ordea, korrika atera zen Ander. “Zer egin du bere atzetik bi polizia ateratzeko?”, galdegin du aitak. Ihesaldiaren erdian agure bati bastoia kendu zion, eta aitak gaitzetsi du zenbaitzuk hori baliatu dutela bere semea “gaizkiletzat” jartzeko. “Nire semea gaizkiletzat jarri dute hasieran, eta, gero, eurek gezurtatu didate”, nabarmendu du aitak elkarrizketan. Izan ere, amak komisariara deitu zuen agureaz galdezka. 

“Ez da inolako arazorik izan, ez da lapurreta saiakerarik izan, ezta eraso saiakerarik ere. Bertzerik gabe, bastoia kendu zion poliziengandik defendatzen saiatzeko, eta 90 urteko pertsona bat zenez, lurrera erori zen”, erran du aitak.

Orduantxe hasi zen poliziaren esku-hartzea, eta, jazarpen baten ondoren, Santurtziko Cervantes kalean amaitu zen. Bertan eskuburdinak jarri zizkioten gazteari, baina ez dago argi zenbat denbora igaro zen. “Denbora pila bat egon zela dioen merkatari bat dago, denbora pila horretan Udaltzaingoaren jarduna zuzena izan al zen? Ez dakit. Nire semea, interbentzio horren ondorioz, koman sartu zen ospitalean, eta, gero, ezin izan zion buelta eman”, erran du aitak.

Taser pistola

Gaztea hil eta gutxira, Itziar Carrocera alkate jeltzalearen deia jaso zuen aitak, doluminak emateko. “Gauza bakarra eskatu nion, zintzoak izatea”, azaldu dio aitak Naiz.eus-eko kazetariari. 

Alabaina, senideek ez zuten ortziralera arte jakin udaltzainek taser pistola bat erabili zutela. Familiaren erranetan, azalpen argi eta koherenterik ez dagoenez, kasua epaitegietara eramateko erabakia hartu dute.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...