Ibon Iturraspe udaltzainburuak “arrazoi pertsonalak” aipatuta kargua uztea erabaki du. Bitartean, Santurtziko Udaltzaingoarekin loturiko bi eskandalu daude mahai gainean: Anderren heriotza taser pistola erabili ostean, eta 2025eko Udaltzaingoko azterketaren filtrazioa.
Santurtziko Udaltzaingoaren burua, Ibon Iturraspe, izan da boteretik erori den azken katebegia. El Correo egunkariak asteazken honetan jakinarazi duenez, “arrazoi pertsonalak” aipatuta utzi du kargua. Udalak berehala onartu du dimisioa, eta horrek irteera adostua izan daitekeela adierazten du.
Izan ere, herrian gertatu diren, eta oihartzun handia eduki duten bi eskandaluk erantzunik gabe jarraitzen dute. Anderren heriotzari dagokio bata; 29 urteko gaztea ekainean hil zen, Udaltzaingoak taser pistola erabili eta bi egunera. Duela urtebeteko kontua da bertzea. Orduko alkate Karmele Tubillak Santurtziko Segurtasun zinegotzia kaleratu zuen azaroaren 18an, Udaltzaingoko azterketaren filtrazio posible batengatik.
Dimisioa eman berri duen udaltzainen buruak ikerketa batzordean onartu zuen azterketako galderen zaintza-katea hautsi egin zela Sonia López zinegotziari eman ondoren. Udaltzainen burua epaimahai kalifikatzaileko kide zen, eta zinegotziak, berriz, harreman sentimentala zuen hautagai bati filtratu zizkion galderak.
Filtrazioa geratu eta lau hilabetera, 2026ko otsailean, EAJk alkatea ordezkatzea erabaki zuen, Itziar Carrocerari aginte makila emanda. Urte erdira erori da udaltzainen burua, Ander hil eta hilabete eskasera, hain zuzen.
Udalak lehen momentutik aitortu zuen udaltzainek taser pistola erabili zutela Ander geldiarazteko, baina galdera anitz zintzilik daude oraindik. EH Bilduk Santurtziko Udalari zein Legebiltzarrari hainbat galdera helarazi dizkio bertsio polizialak dituen hutsune eta inkoherentziei buruz.
EH Bilduk jakin nahi du, bertzeak bertze, ea Santurtziko Udaltzaingoak Anderren gaixotasunaren berri zuen, zergatik erabili zen taser pistola eta zergatik ez zitzaion familiari horren berri eman bortz egun gerora arte; ea ondoren protokoloa egokiro jarraitu ote zen, eta ea grabaziorik dagoen.
Momentuz, Santurtziko Udalak eta udaltzaingoak gaur arte ez dituzte galdera horiek erantzun, eta dimisioaren ostean ez dirudi Iturraspek argituko duenik, hala eskatzen duen esku-hartze judizialik ezean. Anderren familiak kasua epaitegietara eramateko asmoa duela iragarri du, gertatutakoa argitzeko.