Santurtziko alkateak dimisioa aurkeztu du, azaldu gabeko arrazoiengatik eta “EAJ ez kaltetzeko”

  • Azaroan Segurtasun zinegotzia kaleratu zuen Karmele Tubillak, Udaltzaingoko azterketaren filtrazio posible batengatik. Handik lau hilabetera utzi du postua Santurtziko alkateak, bere izena EAJ alderdiaren irudiari kalte egiteko erabiltzen ari direla argudiatuta, eta hori “onartezina” dela adierazi du.


2026ko otsailaren 12an - 10:17
Azken eguneraketa: 15:15
EAJ/PNV
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Arrazoi “pertsonal, familiar eta politikoak” argudiatu ditu Karmele Tubilla Santurtziko alkateak bere dimisioa aurkezteko. Baina arrazoi zehatzagorik ere eman du: “Konbentzituta nago momentu hauetan gainontzeko alderdiek erabili nautela Santurtziko Eusko Alderdi Jeltzalearen irudia gaiztotzeko”. Eta hori “onartezina” zaio Tubillari, “erabateko konpromisoa” baitu bere alderdiarekin. Horrela, bada, alderdiak dimisioa onartu dio, eta Edorta Rodrigo alkateordeak beteko du bere postua hemendik aurrera, beste pertsona bat izendatu artean.

Tubillak ez du aipatu, ordea, bere irudiak alderdiarena kaltetzearen arrazoia. Iazko urrian alarmak piztu ziren Bizkaiko bosgarren udalerri jendetsuenaren udalean, Sonia López Segurtasun zinegotziak egindako ustezko filtrazio batengatik. Udaltzaingo lanposturako azterketa ustez filtratu zuela jakin zen, eta momentuan alkateak hori egiaztatzeko erarik ez zegoela jakinarazi bazuen ere, azaroaren 18an ardurak kendu zizkion, “konfiantza falta” argudiatuta.

Oposizioak gogor hartu zuen udala ustezko filtrazioaren albistea jakin zutenean. Gertatutakoa “oso larria” izan zela salatu zuen EH Bilduk, eta udalak emandako azalpenak “nahikoak ez” zirela izan: salatu zuen kontu jakina zela ustezko filtrazioarena, eta udalak neurriak hartu zituela soilik publiko egin zenean. Udalari eskatu zion ustezko filtrazioan esku hartzea izan zutenen aurka agertzea. PSE-EEk bat egin zuen EH Bildurekin udalaren azalpen falta salatzen, eta ikerketa batzordea eskatu zuen.

Krisia ibaiadarraren alde banatan

Bizkaiko EAJk ez ditu garai gozoak bizi. Herrialdeko metropolian, bizkaitar eta euskal herritar gehien batzen dituen lurraldean, krisi izpiak nabari dira, eta Santurtziko alkatearen dimisioak hori berretsi du. EAJren erreinu izan den eta oraindik baden arren, zenbait eskandaluk kolokan jarrarazi dute orain arteko egonkortasuna. Santurtziko dimisioa izan da bat, Ezkerraldean; eta Getxoko jauregiaren eraisketa bestea, Uribe Kostan.

Ezkerraldean eman du dimisioa alkateak, Uribe Kostan ezezko biribila eman dio dimisioari Amaia Agirre alkateak; oposizioak hori eskatu badio ere. Irurak Bat jauregiaren eraisketak eragin du haserrea Getxoko Udalean, eraikin historikoa baitzen jauregia, eraisteko baimenik ez zuena; eta bertan etxebizitza turistikoak egitea asmo zutena. Nork eta EAJko bi zinegotzik, eraikuntza enpresako bazkide baitziren.

Egonkortasunak definitu du, ezerk definitzekotan, alderdia, eta orain horren falta nabaritzen ari da. Itsasadarrean soilik ez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan ere nabaritu dira zenbait arrakala: berriena, atxilotuen jatorriari buruzkoa. Segurtasun Sailak iaz erabaki zuen atxilotuen jatorria jakinaraziko zuela, PSE-EEren kritika artean. Laster heldu ziren erreakzioak: Gasteizko Udalak, sozialistak, uko egin zion Udaltzaingoak atxilotutakoen jatorria esateari, eta bide bera hartu du Bilbokoak ere aurten. Donostiakoak, aldiz, berriki adierazi du emango duela jatorria, eta Naiz Irratian berretsi zuen asteazkenean erabakia Jon Insausti alkate berriak, “prebentziorako” baliagarria izan daitekeela argudiatuta.


Ustelkeria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.