Iruñerriko Mugimendu Feministak deitu du elkarretaratzera, "beste urte batez, emakumeak bizitzen ari diren egoera" salatzeko. Asteazken gauean sexu eraso bat gertatu zen; horrekin hamabost salaketa jarri dituzte sanferminak hasi zirenetik, nahiz eta mugimenduak nabarmendu gehiago ere izan daitezkeela.
Iruñeko sanferminetan egin dituzten sexu erasoak salatzeko Iruñerriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea egingo du uztailaren 12an, igandean, 21:00etan Gaztelu plazan. Jakinarazi dutenez, ostegunean sexu eraso saiakera baten salaketa jaso dute. Azken horrekin, jaiak hasi zirenetik, hamabost salaketa jarri dira sexu erasoengatik, nahiz eta mugimenduak ohartarazi "jakin badakitela beste asko ez direla salatu".
Sare sozialetan zabaldutako idatzi baten bidez iragarri du mugimenduak elkarretaratzea. Idatziaren arabera, "emakume batek sexu eraso saiakera" jasan zuen asteazken gauean. "Erasotzaileak indarkeria erabili zuenean, emakumeak aurre egin zion eta ihes egitea lortu zuen". Iruñeko Udalak jakinarazi du salaketa horren harira foruzainek gizonezko bat atxilotu dutela.
Idatziaren bitartez Mugimendu Feministatik zein herri mugimenduetatik "babes eta maitasun osoa" helarazi diote emakumeari, baita "eraso egin dieten gainerako emakume guztiei" ere.
Ez da eraso bakarra: astelehenean, jaien lehen egunean, sei salaketa jarri ziren, bost ukituengatik eta bat irainengatik; asteartean bat ukituengatik; eta asteazkenean eraso homofobo bat salatu zuen Maruxak talde iruindarrak. Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan du orain arteko sexu eraso salaketa guztien usteko erasotzaileak atxilotu dituztela, eta lanean ari direla mugimenduarekin protokoloak indartzeko. Alkatearen hitzetan, emakumeen eskubideak jaietan ere erabat bermatu behar dira, eta eraso sexistek ez dute lekurik jaietan.
"Soberan dauden bakarrak matxiruloak direlako"
Salatu dute "nahikoa" dela, emakumeek jaiez "askatasunez eta askatasunean" disfrutatzeko eskubidea dutela, "gauez zein egunez". "Ez ditugu inolaz ere jasan behar gizonezkoen txapa amaigabeak, lerdeak, ukipenak, irainak...", aldarrikatu du idatzian mugimenduak.
Gaineratu du "oso argi" dutela ez dutela "inolako erasorik" onartuko eta ez dituztela "inolaz ere eurenak diren jaiak" utziko: "Gureak diren espazioak, kaleak, plazak, peñak beteko ditugu gauez eta egunez, gure hirian eta gure jaietan soberan dauden bakarrak matxirulo nazkagarriak direlako".