argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako talde bortxaketa sexu erasoa izan zela defendatu du Fiskalak
  • Ostiral goizean ekin diote Sanferminetako talde bortxaketa aztertzeari Espainiako Auzitegi Gorenean. Fiskalak gertatutakoa sexu erasoa izan zela defendatu du.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 21a
Isabel Rodriguez Fiskala hizketan, EFE agentziaren grabazioko irudia

Auzitegiko Fiskal Isabel Rodriguezen arabera, 2016ko Sanfrminetako talde bortxaketan indarkeria erabili zuten erasotzaileek, eta hargatik sexu abusu ordez sexu erasotzat kalifikatu du gertakaria. Rodriguezen arabera “bortxaketa jarraitua” izan zen, indarkeria tarteko. "Ez dago biktimaren onespenaren arrastorik; akusatuek ez zioten ezer galdetu, eta beren presentzia eta jarrera hutsarekin, biktima makurrarazi zuten", adierazi du.

Horrez gain, azpimarratu du emakumea atari batean sarrarazi zutela, beldurra eragiten zuen giroan eta defendatzea ezinezkoa zuela. Bost gizonek erasotzen ari ziren emakumeari telefonoa kendu eta SIM txartela lurrera bota zutela azpimarratu du, ondokoa adieraziz: "Oztopatu egin nahi izan zuten biktimak laguntza eskatzeko zeukan modu bakarra". Hala bada, auzipetuei zigorra gogortzeko eskatu du: bederatzina urteko espetxe zigorra hemezortzira igotzearen alde agertu da.

Auzipetuen defentsak absoluzioa eskatu du beste behin, "adostutako sexu harremanak" izan zirenaren argudioari eutsiz. Akusazioko abokatuak erantzun dio isilik geratzea ez dela onespen seinale, eta ezezko esplizitu bat ez dela beharrezkoa gertakaria bortxaketa izan zela ondorioztatzeko. "Biktima bati ezin zaio jarrera heroiko bat exijitu, halako egoera arriskutsu batean", gaineratu du Fiskalak.

Epaileek alde guztiak adituta, sententziaren zain dago auzia. Epaimahaiak ostiralean bertan eman dezake jakitera erabakia.