Gaintzatik Baliarrainera (Gipuzkoa) bidean, San Joan iturri garbilekuaren historiak erakusten digu emakumeen lan ikusezina aitortzeko orduan, zenbait kontakizun zalantzan jarri behar direla; tartean, arropa garbitzera joaten ziren emakumeentzat zer esanahi zuten halako espazioek.
Txindokiren begiradapean, San Joan iturri edo San Joaneko putzua deituriko eremua txukun-txukun dago jarrita gaur egun. Baliarrain eta Gaintza artean dagoen begiratokitik Aralarren ikuspegi zabala hartu liteke, eta iturria, mahaiak, eta tirolina bat ere topatuko ditugu. Goiko partean, berriz, garai bateko garbileku estalia, zaharberritua eta azalpen panelekin.
San Joan iturriko garbilekura inguruko baserrietako emakumeak joaten ziren arropa garbitzera, eta Euskal Herrian barreiatuta zeuden beste zientoka garbileku bezala, sozializaziorako gune ere bazen, emakumeak tabernetan edo plaza publikoan egotea gaizki ikusita baitzegoen duela ez hainbeste arte.
Lixiba egitera arropaz betetako baldekadak buru gainean jarrita joaten ziren putzuraino, oinez bide luzean, eta pisuaren ondorioz, urteak pasa ahala lepa-hezurrean kalteak nozitzen zituzten
Toki horien historia berreskuratzerakoan, baina, sarritan azaleko begirada datorkigu, eta agian imajina ditzakegu emakumeak arropa garbitzen ari diren bitartean kantari, berriketan eta "ondo" pasatzen, konkistaturiko espazio bat balitz bezala. Hala iritsi zaigu zenbait kontakizunetan, eta imajinario hori zabaltzen doa han eta hemen.
Baina ez gaitezen konfunditu. Inguruko adineko emakumeek kontatzen dutenez, lan oso nekezeko tokia zen hura, inola ere ez dibertigarria, zenbait diskurtsok sinetsarazi nahi duten moduan. Lixiba egitera arropaz betetako baldekadak buru gainean jarrita joaten ziren putzuraino, oinez bide luzean, eta pisuaren ondorioz, urteak pasatu ahala lepo-hezurrean kalteak nozitzen zituzten.
Xaboirik ez zegoenean su-hautsa erabili behar izaten zuten arropak zuri-zuri uzteko, eta garbiketa prozesuak egun oso bat iraun zezakeen: arropa sutondoan zegoen ontzi inguruan zabaldu bata bestearen ondoan, errautsa liho oihal batetik iragazi, xaboitu, urberritu, berriz xaboitu, berriz urberritu… hori guztia harlauza deseroso horietan makurtuta.
San Joan iturriko garbilekuak sikiera estalpea zuen eta putzu inguruak ahalik eta erosoen jarrita zituen lanerako. Beste garbileku batzuk erreka bazterretako harri koskorrak baino ez ziren.
1931ko Bigarren Errepublikak ahalegin berezia egin zuen garbilekuak hobetzeko, bai higiene publikoagatik, baita emakumeen eskubide zibilen aldeko mugimendua zabaldu zelako ere. Hego Euskal Herrian batez ere dirua zegoen tokietan egin ziren hobekuntzak, hirietako auzoetan adibidez; baina herri txiki askotako garbilekuei ere kanalizazioak egin eta estalpea jarri zizkieten.
Hala ere, hortik garbilekua aisialdi edo atsedengune gune bat izatera alde handia dago. “Bazeuden tertuliarako toki hobeak”, irakurri dugu San Juan iturriko panelean.