Bilboko hainbat kolektibok antolatuta, protesta bat egin zuten astelehenean auzoan, eta "alderdi faxisten mamua ez irensteko" eskatu zuten. "Alderdi faxistek eta polizia-presentzia handiagoak ez digute konponbiderik ekarriko", zioten.
Arrazakeriaren kontrako mezu argi bat eman zuten atzo Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoan. PP eta Vox alderdiak, sare sozialetako profil anonimoak eta eskuineko hedabideak pertsona etorkinen aurkako gorroto-mezuak zabaltzen ari dira, eta horren aurkako euste-horma bat ipintzeko asmoz, mobilizazio antiarrazista bat egin zuten Bilboko hainbat kolektibok. Mariaren Bihotza plazan elkarretaratu ziren atzo arratsaldean, eta San Frantziskon, arrazakeriari ez! Ez irentsi faxisten amua! izan zuten aldarritzat.
Instagrameko @vecinosdosdemayo profilaren bidez, "elkarbizitzaren" aldeko bilera-deialdi bat zegoen egina berez atzo arratsalderako. Ustez San Frantziskoko "segurtasun falta" salatzeko sortu zuten kontu anonimo hori, baina etorkinen aurkako mezu arrazistak hedatzeko plataforma bat izaten ari da errealitatean; iruzkingileen artean Voxeko militante bat nabarmentzen da adibidez. Hala, egun bererako deitu zuten protesta antiarrazista hainbat antolakundek, atzorako alegia. Horren ostean, ordea, bertan behera geratu zen @vecinosdosdemayo-k argitaratutako deialdia, eta arrazakeriaren aurkako protesta baino ez zen izan auzoan atzo.
Antolatzaileek seinalatu zutenez, PP eta Vox "modu irekian zabaltzen ari dira haien programa arrazista: deportazio masiboak, atxilotutako pertsonen jatorria argitaratzea, eta dagoeneko militarizatuta dagoen auzo batean polizia-presentzia are gehiago handitzea proposatzen dute". Eskuineko komunikabideek eta agitatzaileek programa hori zabaltzen lagundu dutela ere salatu zuten: "Beste behin, San Frantzisko arreta mediatikoaren erdigunean jarri dute".
@vecinosdosdemayo bezalako profil anonimoek, testuinguru horretan, auzoko kaleetan "segurtasun faltari" lotuta izandako hainbat gertakari argitaratu dituzte bideoekin. "Irudi horiek zuzen-zuzenean erabili dituzte alderdi politikoetako bozeramaileek, komunikabideek eta agitatzaile faxistek haien mezu erreakzionarioak zabaltzeko eta San Frantziskoko komunitate migratzaileak seinalatzeko", azaldu zuten manifestariek: "Marko arrazista bat eraikitzen ari dira neurri errepresibo eta diskriminatzaileak justifikatzeko".
Manifestazioan argi hitz egin zuten kolektiboek: "Ez dugu onartuko auzoko gehiengo migratzailea seinalatzea. Ez dugu onartuko San Frantziskon pairatzen ditugun pobrezia eta abandonua haien kanpainetarako erabiltzea. Ez dugu onartuko bizilagun gehienak kanporatzea beren interes ekonomikoak inposatzeko. Ez dugu onartuko auzoa turismoaren negoziorako eta higiezinen espekulaziorako gune bilakatzea. Eta ez dugu onartuko San Frantziskoko bizilagun guztion bizi-baldintzak hobetzeko modu desinteresatuan lan egiten duten dozenaka kolektibo eta espazioren lana gutxiestea".
Izan ere, gogorarazi zuten "langile-klasea gero eta gehiago pobretzen" ari dela eta horrek "sektore pobreenei" eragiten diela batik bat, tartean hainbat sektore migranteri. Auzoan miseriazko errealitateak agerian geratu ohi direnez, oroitarazi zuten etorkinak ez direla "pobrezia-egoeraren kausa"; "gehienetan, haiek dira gehien sufritzen dutenak". Kontrara, erantzuleak nor diren argitu zuten: "enpresariak eta etxebizitzarekin negozioa egiten dutenak", hau da, "gehiengoaren pobreziaz baliatzen direnak"; eta "politikariak eta instituzioak, haien posizio pribilegiatutik auzoaren abandonua bultzatzen ari direnak eta enpresarien interesak soilik babesten dituztenak".
"Enpresari eta politikariek pobrezia eta abandonua baliatu nahi dituzte gu elkarren aurka jartzeko, zatiketa soziala sortzeko eta haien pribilegioei eusteko", salatu zuten. Eta honakoa gaineratu zuten: "Haien helburua da San Frantziskoko bizilagunak pixkanaka lekualdatzea eta kanporatzea. Bereziki 'eskaparate' gisa balio ez dieten auzokide migratzaileak bota nahi dituzte".
Protesta antiarrazista antolatu zuten taldeek garbi dute "PPk eta Voxek proposatzen duten irtenbide poliziala ez dela inolako konponbidea". "San Frantzisko dagoeneko polizia-presentzia handiena duen auzoa da. Pertsona migratzaileen aurkako kontrolak eta gehiegikeriak etengabeak dira, eta horrek ez du egoera hobetu", nabarmendu zuten: "Pobrezia ezin da konpondu edo ezkutatu borra bidez".
Horren ordez, "konponbidea auzoko langile-klasearen antolakuntza bateratuan dagoela" defendatu zuten, "jatorria edozein dela ere". Hala sakondu zuten: "Etxebizitzaren negozioarekin amaitu behar dugu, pertsona guztientzako kalitatezko etxebizitza bermatu ahal izateko, inork ez dezan kalean lo egin behar. Paperik gabeko pertsonen esplotazioaren aurka borrokatu behar dugu, pertsona guztientzako kalitatezko bizi-baldintzak bermatzeko. Oinarrizko produktu eta baliabideetarako sarbidea bermatzeko borrokatu eta antolatu behar dugu, inork ez dezan bere biziraupenerako borrokatu behar. Indarkeria matxistaren eta jarrera diskriminatzaileen aurka borrokatu behar dugu, datozen lekutik datozela ere. Baliabide sozial gehiago eskatu behar ditugu, ez baliabide polizial gehiago. Eta auzoaren abandonuari amaiera emateko borrokatu behar dugu, oinarrizko zerbitzu guztietarako sarbidea bermatzeko".