Dantzan eta dantzarekiko maitasuna transmititzen aritu zen han eta hemen Salutxu Etxebarria Garai (Baranbio, Araba, 1924 - Laudio, 2008). Erbestea dantzarekin goxatzeko aukera izan zuen, eta han hasitako Itxarkundia dantza taldearen ibilbidearekin jarraitu zuen Euskal Herrian ere. Jose Uruñuela musika konpositorea lagun izan zuen bere dantza ibilbidean, herrikidea baitzuen.
Arabako Baranbio herrian eman zituen lehen urratsak, baina 1936ko estatu kolpearen erruz familiarekin ihes egin behar izan zuen; orduan 12 urte zituen. Penintsulan zehar hara eta hona ibili ondoren Herrialde Katalanetara iritsi ziren. Pedralbes jauregian egon zen, orduan haurrentzako kolonia zen. Bertan, euskal dantzak irakasteko ardura eman zioten Etxebarriari.
Kataluniatik Frantziako Landetako departamendura mugitu zen Etxebarria Garai familia. Han, Les Petits Danseurs de Yosse izeneko euskal-landar dantza taldean aritu zen. Urteetan Kanbon bizi ziren beste zenbait erbesteraturekin harreman estua izan zuen. Tartean, Baranbioko familia zuen Jose Uruñuela konpositore, txistulari eta dantzariarekin. Horrela, Itxarkundia dantza taldea sortu zuten. Salutxuren Luis eta Carmelo nebak ere aritu izan dira dantzan. Etxebarriak Parisen, Jose Antonio Agirre lehendakariaren aurrean, Reimsen eta Nîmesen ere dantzatu zuen.
Erbestean 17 urte eman ondoren, 1953an, Etxebarria Garai familia Baranbiora itzuli zen. Jaioterrian Francisco Guaresti Zaballarekin ezkondu zen Salutxu eta Laudiora joan ziren bizitzera. Lau seme-alaba izan zituzten eta haiei pasio zuen euskal dantza eta musika transmititu nahi izan zizkien. Etxe barruan aritu zen lehendabizi, baina aurrerago kalerako saltoa egin zuen. 1978an Itxarkundia dantza taldea sortu zuen Laudion. Urte batzuk lehenago erbestean zela Iparraldean sortu zuen dantza taldearen izen bera ipini zion. 13 urtez zuzendu zuen taldea eta 1991n utzi zuen ardura.