Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak, hainbat kolektibok eta bizilagunek jakinarazi dute auzoko familia bat etxegabetu nahi dutela. Azken urteetan etxegabetze agindua luzatu egin diote familiari, baina oraingoan egoera "larria" da. Familiak bi haur ditu, eta haurren eskolako irakasle zein gurasoek ere kezka adierazi dute.
Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak, hainbat kolektiborekin eta bizilagunekin batera, astelehenean egindako agerraldian salatu du Alde Zaharreko familia bat etxegabetu nahi dutela. Familiak bi haur ditu, 8 eta 10 urtekoak. Hamalau urte daramatzate etxean bizitzen eta errentan guztira 75.600 euro ordaindu dituzte. Datorren irailaren 25erako dago ezarria etxegabetze agindua.
"Hileko gastuak eskudirutan ordaintzen ditugu, kantitatearen erregistro bat eduki ezinik", azaldu du familiako ordezkariak. 2021ean gastuak transferentzia bidez ordaintzeko eskatu zioten jabeari, baina hark onartu ez eta 2022an etxegabetzeko agindua ezarri zioten familiari. Epaiketa izan zuten eta urtez urte etxegabetzeko agindua luzatu egin zieten, 2025eko abendura arte. "Pasa den maiatzean berriro indarrean sartu zen agindua, bi mila euro baino gehiagoko zorrarekin". Adierazi du bizilagunen antolakuntzari esker, familiak bere zaurgarritasun egoera frogatu eta uztailaren bederatzitik irailaren 25era atzeratu dutela agindua.
Egoera "larria" bada ere, agerraldian azpimarratu dute Gasteizko Udalak ez duela "inolako irtenbiderik" eskaini negoziazioetan. Jaso duten erantzun instituzional bakarra izan da alokairu pribatuaren merkatuan etxebizitza bat aurkitzea.
"Ez da beti betetzen, baina etxegabetzearen aginduaren luzapena eteteak milaka familia etxea galtzera kondenatzen ditu", ohartarazi du Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak. Gogoratu dute gaur egun Gasteizko alokairuaren batez besteko prezioa gutxienez 1.200 eurokoa dela, "eskuraezina" diru-sarrera txikiak dituzten familientzat. Gaineratu dute, halaber, bestelako baldintza ekonomikoek eta bazterkeria arrazista eta klasistak ere eragina dutela honetan guztian. "Nola izan daiteke jabe bati 75.600 euro ordaindu ondoren kalera bota ahal izatea? Egoerak agerian uzten ditu, beste behin ere, etxebizitza merkantzia gisa tratatzen duen sistema baten ondorioak, eskubide gisa aitortu beharrean", salatu du sindikatuak.
Adin txikikoak
Ramon Bajo eskolako ikasleak dira bi haurrak. Eskolako irakasleek eta guraso-elkarteak babesa helarazi diote familiari eta kezkatuta daudela adierazi dute: "Udako oporrak hasi eta astebetera, gure bi ikaslek kalean geratzeko arriskua dute, eta horrek zuzenean eragiten du haien osasunean eta ikaskuntza-prozesuan. Imajina dezakezue ikasturtea amaitzea eta ez jakitea datorren urtean klase ostean etxera itzuliko zaren edo ez?". Haien hitzetan, hezkuntza-eskubidea ezin da bermatu etxebizitza-eskubidea bermatzen ez bada.