argia.eus
INPRIMATU
Saioa Urizar, Argantzungo ikastola: “Gure arazo larriena, ezin dugula ikastola guk bakarrik mantendu”
Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 22a
Argantzungo ikastolako ikasle eta irakasleak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin. (Argazkia: Hirinet)

Argantzungo ikastolak 2003an ireki zituen ateak. Eskola erdalduna zegoen lehendik, baina ikaslerik gabe geratu zen urte hartan. Ikerketa baten ostean D ereduko ikastolak emaitza onak emango zituela ikustean, hamaika ume eta bi irakaslerekin hasi zuten ibilbidea ikastolan. Egun 50 ikasle inguru eta sei irakaslek osatzen dute proiektua.

Ikastolak duen arazorik handiena finantziazioa dela azpimarratu du Urizarrek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik diru-laguntzak jasotzea debekatzen die Madrilen onartutako ebazpen batek. Gaztela eta Leonen alta eman zuten ituntzea eskatzeko ideiarekin, eta eskatutako baldintza guztiak bete arren, diru laguntzak jasotzeko eskaera "deuseztatu" zietela azaldu du. Gainera, gurasoek ezin dute jantokirako, materiala erosteko edo garraiorako diru-laguntzarik eskatu.

Epe laburrera duten helburua 0-6 urte bitarteko zikloak erregulatzea da, umeak bertan gelditzeko aukera izateko. 6 urte betetzen dituztenean, euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko Langraitzera edo Gasteizera joan behar dute haurrek: “3 urterekin ume asko joaten dira, 6 urterekin beste nonbait plaza bilatzea oso zaila delako”, adierazi du.

CD/DVD bat Trebiñuren egoera erakusteko

Finantzazioa bilatzeko, urtero hainbat ekintza egiten dituzte Argantzun, esaterako, herriko jaietan txosna jartzen dute eta Gabonetan zozketa antolatu. Aurten CD/DVD bat grabatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsen laguntzarekin. Pailazoei proiektua oso interesgarria iruditu zitzaiela adierazi du irakasleak, eta segituan ikastolaren alde zerbait egin nahi zutela adierazi zuten. Lana ez da ikastolan bakarrik oinarrituko, eta Trebiñu osoko erreportajea izango da: “Disko honen helburua bikoitza da: Trebiñuren egoera erakustea eta horren ondorioz ikastolak pairatzen duena azaltzea”.

Diskoa maiatzaren 24an, datorren larunbatean ospatuko duten Ikastolaren jaian aurkeztuko dute. Ikasturte honetan 10 urte bete ditu ikastolak eta zerbait berezia egin nahi zutela azaldu du Urizarrek: “Pirritx, Porrotx eta Marimotots gurekin izango dira. Horrez gain, beste hainbat ekintza antolatu ditugu: azoka, kalejira edo herri bazkaria, besteak beste”.

Ikusi pailazoak diskoa grabatzeko Trebiñun izan zireneko irudiak: