Gdeim Izik izenez ezagutzen den taldeko presoen aldeko protestak eten ditu Marokoko poliziak.
Senitartekoek antolatutako ekintza zen, presoen egoera salatzeko. Hasiera batean preso guztiak elkarrekin zeuden arren, zazpi presondegi ezberdinetan banatu dituzte hemeretziak orain. Aldarrikapenen artean, presoen bisita eskubidea gauzatu dadin eskatzen dute.
Protesten aurretik, pasa den astean, bilera egin zuten espetxeko arduradunek eta senideek. Presoen egoera hobetu ez dela ikusita, protesta baketsuekin hasi ziren eta hainbat presok gose greba hasi dute.
Mendebaldeko Saharako hainbat herritarrek ere protestak egin zituzten euren herrietan. Poliziak berehala eten ditu protestak, elkartasuna adierazi duten herritarrak mehatxu eta indarkeriarekin jazarriz.