argia.eus
INPRIMATU
Sagarrondoak Bernat Etxepare lizeoa laguntzeko
  • 2017ko irailean irekiko ditu ateak Bernat Etxepare lizeoaren egoitza berriak. Barnealdea hornitzeko 300.000 euro beharko dituztela aurreikusi du Bernat Etxepare elkarteak.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 21

2017ko irailean, Seaska sareko Baionako Bernat Etxepare lizeoak egoitza berria irekiko du. 400 ikaslerentzako lekua izango du eta 144 kiderentzako barnetegia. 10 milioi euroko aurrekontua du eraikinak eta horietatik 7,2 milioi Akitaniako Kontseiluaren diru-laguntzaz estaltzea aurreikusten dute. Gainerakoa, Herri Urrats eta hainbat kanpainaren bidez lortzen saiatuko dira, eta "eskas izanen dena, mailegu bidez".

Hornitzen beste 300.000 euro

Eraikinaren barnealdeak osatzeko ardura Bernat Etxepare elkarteak hartu du beregain, eta gelak, jangela, kirol-gunea eta barnetegian beharko diren materialetarako 300.000 euro beharko dituztela aurreikusi dute. Horretarako abiatu dute "hazten gaitu, hazten dugu" kanpaina.

Sagarrondoak lizeoaren eta ikasleen irudi

Lizeoa hornitzen lagundu nahi duten herritarrek aukera dute sagarrondoak erosteko (prezio ezberdinetakoak), lizeoaren webgunean edo txeke bat bidaliz bertara. Diruz babestutako landare hauek etxera eramango ditu norberak edo nahiago duenak "euskararen sagardian" landatzeko utzi ditzake. Hainbat Herriko Etxerekin lanean ari dira lizeoko gurasoak, "euskararen sagardia"k landatzeko lurrak lortzeko.

Sagartzea elkarteak lagunduko ditu kanpaina aurrera eramaten, eta bertako barietateak berreskuratzen egin duen lanari esker, herritarrek ondo motxa, eztika, peatxa, anisa, eri-sagarra... motako landareak eskuratu ahal izango dituzte. Sagar mota bakoitza bezala, ikasle bakoitza besteengandik ezberdina dela nabarmendu dute ekimenaren antolatzaileek, eta sagarrondo hauek euskararen eta lizeoaren irudi ere badirela: "Sagarrondoak lur eta eremu berrietan landatzen dira eta haien fruitua ematen dute. Euskarak ere bere lekua baitu hirian, lizeoa euskararen sagartze bat izanen da. Euskarak Baiona behar baitu, bainan baita Baionak euskara ere".