Larunbatean, Osasuna eta Real Madrilen arteko futbol partida amaituta, istiluak izan ziren Sadar estadioaren barru zein kanpoaldean. Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu zituen –bat aske da jada–, eta zauritutako pertsona bat ospitaleratu egin zuten. Osasunak adierazi du ikerketa abiatuko duela gertatutakoa argitzeko, Jupol polizia sindikatuak klubaren jarrera kritikatu duen bitartean, "errealitatetik urrun dagoen kontakizun bat publikoki helarazi duelako".
Partida amaitutakoan, Espainiako Poliziak zale bat identifikatu zuen hego harmailan –Indar Gorri taldea egon ohi da han–, zelaira botila bat botatzea egotzita. Orduan sortu ziren istiluak. Poliziak bi lagun atxilotu zituen, eta zauritutako pertsona bat ospitaleratu egin zuten. Itxuraz, Poliziarengandik ihesi zebilela erori, buruarekin lurra jo eta konorterik gabe geratu zen, Berria egunkariko kazetari Paulo Ostolazak jaso duenez.
Partida osteko irudiak "deitoratu" ditu Osasunak
Osasunak jakinarazi du ikerketa abiatuko duela Real Madriden aurkako partidaren ondoren izandako istiluak argitzeko, larunbatean plazaratu duen ohar laburrean dioenez. Klubak "deitoratu" egin ditu partida amaitu ondoren estadioaren barrualdean ikusi diren irudiak, "izua eragin dutelako" estadiotik ateratzen ari ziren zaleen artean.
Igandean, bestalde, Bazkidearen Defentsarako Organoak idatzitako oharra sareratu du klubak bere webgunean: "Osasunaren eta Real Madriden arteko partidaren amaieran, futbol-zelaiaren barruan izandako istiluen aurrean, organo honek zuhurtasun-, erantzukizun- eta gertutasun-mezu bat helarazi nahi die bazkide guztiei, partida amaitu eta berehala gertatutako gertaerei buruz soilik. Badakigu klubak barne-ikerketa abiatu duela gertatutakoa argitzeko. Prozesu hori eta agintari eskudunei dagozkien jarduerak erabat errespetatuz, organo honek jarraipen arduratsua egingo du dagokion eremutik: bazkideen eskubideak eta interesak defendatu eta babestuko ditu".
Indar Gorri: "Hau ez zen atzo hasi, eta ez da bihar bukatuko"
"Sadarreko korridoreetan eta inguruetan gertatutakoa gure zelaian eta Ligako gainerako estadioetan Poliziak duen zigorgabetasunaren ondorioa da", salatu du Indar Gorri taldeak, igandean sareetan zabaldutako oharraren bidez: "Hau ez zen atzo hasi eta ez da bihar bukatuko. Kolpeen eta atxiloketen ondoren, isunak eta zigorrak iritsiko dira. Dagoeneko aspertu gara klubaren aldetik arazoak eskatzen duen erantzun baten zain egoteaz, baina Osasunako bazkideak pairatzen duen babesgabetasuna nahikoa arrazoi da arduradunek ordain dezaten".
��| Bi lagun atxilotu dituzte Sadarren izandako istiluetan.
— Malcolm iXa �� (@ideiazabaldub) February 22, 2026
Espainiako Polizia zaletu bat identifikatzen ahalegindu da botila bat jaurtitzeagatik, eta estadio barruan oldartu da segurtasun zaindariekin batera.
Pertsona bat ospitaleratu dute.pic.twitter.com/6IVa4dR1Oq
Bestalde, Sadar Bizirik plataformak, "kargak eta eraso polizialak" jasan dituzten pertsonei eskatu die haiekin harremanetan jartzeko. "Jazarpen gehiagorik ez Osasunako zaleen aurka!", dio sareetan publikatutako mezuak. Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzea deitu dute martxoaren 6rako (19:00etan Iruñeko Foruen plazan).
Jupol polizia sindikatuak Osasunaren jarrera kritikatu du
"Jupol-ek bereziki larritzat jotzen du Osasuna klubaren jarrera, errealitatetik urrun dagoen kontakizun bat publikoki helarazi duelako", kexu da polizia sindikatua. "Izan ere, klubaren segurtasun pribatuko dispositiboari laguntzeko esku hartu zuen Espainiako Poliziak, baita instalazioen barruan segurtasuna bermatzeko ere. Onartezina da poliziaren jarduera zalantzan jartzea, estadioaren barruan indarkeriazko ekintza bat egin zuen –objektu sendo bat jaurti zuen– pertsona bat identifikatzeko beharrari erantzuten zionean".
Indar Gorri "talde ultrako" kideen "jarrera bortitzak" poliziaren jarduera "larriki" oztopatu zuela dio Jupolek: "Behin eta berriz uko egin zioten agenteei laguntzeari, eta gertakarien egilea identifikatzea aktiboki eragozten saiatu ziren. Horren aurrean, agenteek estadioaren barruan jardun behar izan zuten hasieran, eta ondoren kanpoaldera zabaldu zuten esku-hartzea, ordena berrezartzeko eta bildutako masa bortitza desegiteko".