‘Sacamantecas’, Araba protagonista duen pelikula

  • Lehiaketatik kanpo baina Sail Ofizialean, astelehen iluntzeko RTVE-EITB galan emango dute Sacamantecas filma, XIX. mende amaierako hiltzaile famatuaren bizitzan oinarritutakoa.


2026ko irailaren 21ean - 15:17
Patricia Lopez Arnaiz, igandean Zinemaldian. Donostiako Zinemaldia/Nora Jauregui
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Herriko zenbait zuzendarik badute nolabaiteko zaletasuna herri kulturako istorioak pantailara ekartzeko. Horixe bera egin du David Pérez Sañudo zuzendari bilbotarrak Sacamantecas pelikulan: berez benetan existitu zen pertsonaia, Juan Diaz de Garaio, kondaira bihurtua heldu da egungo belarrietara, mendez mende abileziak eta kalteak gehituta. Eta hortxe izan dute lehen erronka pelikulako sortzaileek, “ahalik eta naturalisten” egin nahi baitzuten. Garaiko euskarara hurbilpena eginda, Sail Ofizialean dauden bi euskarazko filmetako bat da, Azken Agurra-rekin batera; biak lehiaketatik kanpo. Asteleheneko RTVE-EITB galan emango dute.

Hiltzaile arabarraren istorioa jakina da: beste hiltzaile askok bezala, batez ere emakumeak eta haurrak hiltzen zituen. Horrek ez zien inolako interesik piztu filmaren ekoizleei, baina bai hiltzailea exekutatu aurretik hark egindako eskaerak: irakurtzen eta idazten ikasi nahi zuen. XIX. mende amaieran kokatua, Diaz de Garaioren analfabetismoa egoeraren sintoma zela ondorioztatu zuten, karlistaldiek desoreka eta krimena ekarri baitzituzten, eta galdera sortu zitzaien: egoera bestelakoa balitz, hiltzailerik egongo litzateke? Hortik aurrera, hantxe aurkitu zuten pelikulako beste protagonistetako bat: Araba. Sacamantecas-eko istorioa lurraldeari estuki lotua dagoela azaldu du zuzendariak, historiako gertakariek eta lurraldearen osaketak baldintzatua.

Istorioak bere horretan duen “sentsazionalismoaren” jakitun dira, irudi deigarriak sortu baitaitezke hildakoen gorpuekin soilik. Baina ez zuten hori nahi izan. Gorpurik ez dute erakutsi, agertu direnean kameratik urrun egon dira, eta hiltzaileak (Antonio de la Torre) apenas duen testurik. Patricia Lopez Arnaiz da protagonistetako bat, Sacamantecasen biktimetako baten ahizpa eta “status quoaren pertsonifikazioa”, zuzendariaren hitzetan; Sail Ofizialeko epaimahaikide ere bada arabarra. Hiltzailea bilatzeko interesik ez dagoela ikusita, bere kabuz hasiko da ikerketan, eta Haizea Carneros aktore gaztea izango du lagun, “begirada kritikoarekin, iraultza egiteko prest”.

Garaiko pelikula, gaur egun

150 urte atzera eginda ondu dute pelikula, eta denbora saltoek buruhausteak ekartzen dituzte. Batetik, garaiko arropak eta garaira egokitu daitezkeen lokalizazioak bilatzeak lanak ekarri dituela aitortu du zuzendariak. Baina badago, mende eta erdi pasatuta ere, aldatu ez denik, horixe ziurtatu du Lopez Arnaizek kazetariek egin beharreko egokitzapen lanengatik galdetu diotenean: “Egoera garaikidea da, emakumeen aurkako indarkeria sistemikoa ikusten jarraitzen dugu, sistema matxista batean bizi gara”.

Hain zuzen ere, zuzendariak zein gainontzeko aktoreek egindako hitzalditxoetan, guztietan zehaztu dute pelikularen asmoa ez dela hiltzailea mitifikatzea, ezta zuritzea ere; ez dira kontu “moralistetan” sartu, ahalik eta era “zintzoenean” ahalegindu dira egoera gorpuzten. De la Torrek honela laburbildu du: “Indarkeriak ez du justifikaziorik, baina bai azalpena”.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.