Asteartean hasi da argitaratzen ARGIA Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? ikerketa: Errenteriako Udalaren lan deialdia euskararen aurkako talde antolatu batek sabotatu du, eta CCOOko kide batzuk eta Euskara Denontzat taldea daude atzean. Alderdi politikoak eta eragileak erreakzioak egiten ari dira; besteak beste, susmatzen zutena baieztatzea kezkagarritzat jo dute, eta EAJ eta EH Bilduk eskatu dute hizkuntz eskakizunen eztabaida behar bezala egiteko.
Martxoaren 12an Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk egindako proposamena ez dute onartu.
"Gure plataforma ez dago inongo trama, konplot edo konspiraziorekin nahastuta", adierazi du Unidas por la Igualdad Lingüistica plataformak, ARGIAk azaleratu duen oldarraldiari buruzko ikerketaren harira:
CCOO sindikatuak, PSE-EEren babesarekin, euskararen normalizazioa oztopatu duela Errenterian salatu du LABek, itxuraz euskara sustatzearen aldeko mezua erabili arren. Hemen artikulua osorik.
ARGIAk egunotan argitaratutako ikerketetan jasotako informazioei erantzuteko, ondoko idatzia helarazi digute Sabin Zubirik, Euskara Denontzat ekimenaren izenean, eta Unidas por la Igualdad Lingüistica taldeko Teresa Peralesek. Hemen duzue testua osotasunez.
Sindikatuaren esanetan, esanguratsua da nabarmenaraztea –baita entitate publikoetatik ere– nor eta “egungo legea betetzeko haien lana eta denbora eskaintzen ari direnak”. CCOOren aburuz, gaur egun enplegu publikoaren eskaintzan behin eta berriz egiten zaie muzin egungo hizkuntza-eskakizunen arauei, eta hori auzitegietara eramateari balizko “oldarraldi judiziala” deitzen diote.
Lehen aldia da Errenteriako Udalari halako helegite bat jarri zaiola, baina Aizpea Otaegi EH Bilduko alkateak azpimarratu du ez dela lehen aldia administrari izateko deialdi publikoetan euskarazko C1 maila eskatzen zena. “Helegite politiko baten aurrean gaude”, azaldu du Otaegik, ARGIAk egunotan argitaratutako informazioaz mintzatuta.
“Bageneukan euskalgintzan susmo hori, nahiko txertatuta zegoen susmoa, baina baieztatzeak kezka ikaragarria sortzen digu, ikusirik bulkada hori nondik datorren”. Hala mintzatu da Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Euskadi Irratian ‘Errenteria auziko’ sabotaje euskarafoboaz galdetu diotenean.
Asteazken goiz honetan egon da Naiz Irratian Lakuako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria, eta ARGIAk plazaraturiko ikerketaren harira, euskararekiko gorrotoari buruz galdetu diote. "Ulertzen ez dudana da interes propio bat edo norberaren interesa jokoan ez dagoenean errekurtso horiek aurkeztea. Uste dut horrek beste zerbait adierazten duela". Argitu du bazekiela fokua ez zela epaileengan soilik jarri behar.
ARGIAk plazaraturiko ikerketak CCOOren "benetako aurpegia" argiratu izana azpimarratu du EHEk: "Guztiaren gainetik, euskara gorroto dute". Sindikatuaz gain, Euskara Denontzat elkartearen eta zehazki, Sabin Zubiri Reyren jokaerak ere salatu ditu euskalgintzako eragileak.
EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianok hizkuntza-eskakizunen inguruko eztabaida parlamentuan modu “normal” batean egitea eskatu die EAJri eta PSE-EEri. Helegiteen atzean “praktika antidemokratiko eta sasimafiosoak” daude bere ustez. “Baldin badaude pertsona esanguratsuak edo sindikatuak hizkuntza-eskakizunen sistemarekin ados ez daudenak, sustatu behar dutena da eztabaida demokratikoa, eta horretarako foroa Eusko Legebiltzarra da, hor ari baita izaten eztabaida hori”, gaineratu du parlamentariak.
Errenteriako alkateak, Aizpea Otaegik, prentsaren aurrean hitz egingo du gaur, asteazkena, 11:30ean. "Etenda" utzitako LEParen inguruan ez ezik, ARGIAk azken egunotan ateratako informazioaren inguruan ere hitz egingo du.
Sindikatu abertzalearen esanetan, ARGIAk kaleratutako informazioak "are ageriago" utzi du hainbatetan salatutakoa: administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizialaren atzean euskararen atzean "euskararen normalizazio-prozesua geldiarazi nahi duten pertsona eta eragileen interesak" daudela.
EH Bilduko Euskara gaietako arduradunak, Josu Aztiriak, audio mezua zabaldu du sareetan, honako hau adieraztek:
"Herri honetan bada euskararen aurka oldarraldia antolatu duenik, eta hori guztia, gainera, antolatua eta planifikatua dagoela egiaztatu dugu. Eta dei egiten diegu alderdi eta eragileei salaketarekin bat egin eta gertakarien larritasuna ikusita, ekimena har dezaten eta posizionamendu argi bat azaldu dezaten".
“Oldarraldi judizial euskarafoboak oldarraldi politiko eta sindikal bati erantzuten dio”, azaldu du ELAk ohar bidez. Izan ere, ELAren iritziz, “sindikatu euskarafoboa” dago Errenteriako Udaleko lan deialdiaren helegitearen atzean; CCOO, hain zuzen.
“Iruzur prozesalak” egiten ari dela salatu du hizkuntz eskakizunak kentzeko: “CCOO sindikatuak behin-behineko langile gazteleradun elebakarrak kaleratzeko balizko arriskua erabili izan du bere kanpaina abiarazteko aitzakia gisa; ARGIAren erreportajeak frogatu du hainbat kasutan demanden atzean interes politiko hutsa izan dela prozedura judizialak martxan jartzeko arrazoi bakarra”.
EH Bilduko senatari Mario Zubiagak sare sozialetan idatzi du: "Hau eskandalua da, ez sorpresa bat. Oposizioetara aurkezten ziren plaza finkoa edukita, helburu bakarra zutenean epaitegietan errekurritzea eta hizkuntz eskakizunak atzera botatzea. Hori da lobby supremazistak eskatzen duen "lanerako eskubidea".
EAJren Bizkai Buru Batzarreko burua, Iñigo Ansola, elkarrizketatu dute astearte goizean Euskadi Irratian. ARGIAk goiz horretan bertan kaleratu duen esklusibaren inguruan galdetu diote Ansolari, Errenteriako Udalaren lan deialdia euskararen aurkako talde antolatu batek sabotatu duela.
EAJk "kezka" agertu du "gertatzen ari denaz", horren atzean "talde antolatu bat" egoteaz, eta zera gehitu du Ansolak: "Horrelako gauzak gertatu ez daitezen, jendea horrela antolatu ez dadin, derrigorrezkoa da berme juridikoa emango digun araudi bat lortzea, non horrelako helegiteek lekurik izango ez duten".