Sabin Zubiri Euskara Denontzat plataformako ordezkariari eta CCOOko kideari elkarrizketa egin diote astelehen goizean Euskadi Irratian. Adierazi du, Errenteriako lan eskaintzako euskara eskakizunaren aurrean helegiteak kaltetutakoei “laguntza eta babesa” eskaintzeko egin dituztela. Horrekin batera, tokian-tokiko egoera soziolinguistikora egokitutako indizeen beharra azpimarratu du.
Sabin Zubiriri elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko Faktoria saioan, ARGIAk argitaratutako ikerketen harira. Zigor Olabarriak kaleratutako erreportajeetan argitaratutako mezu eta audioekin ondorengoa frogatu da: Errenteriako Udalaren lan eskaintzetako euskara eskakizunaren aurkako helegitea talde antolatu batek egin zuela, horren atzean CCOOko kideak eta Euskara Denontzat elkartea daudela eta Errenteriako kasua ez dela bakarra.
Sabin Zubirik elkarrizketan azaldu du hiruzpalau urtez hitzaldiak emateaz eta artikuluaz idazteaz arduratu den elkarte baten kide dela. Euskara “ikasteko erraztasunak, zabaltzea eta doakotasuna” helburu harturik, “40 urtez oinarrizko zutabe” izan diren indize soziolinguistikoak jartzen dituztela erdigunean. Indize soziolinguistikoak, eremu bakoitzaren arabera egokitutako hizkuntza eskakizunak dira, Zubiriren esanetan jada “inork defendatzen ez dituenak”, beraiek ez ezik.
Helegiteak aurkeztearen helburua euskara eskakizunek “kaltetzen” dituzten pertsonei “laguntza eta babesa eskaintzea” dela adierazi du. Nolabait, nahiz eta lan eskaintzetan interesik ez izan, “aurpegia ematen duten bakarrak ez izateko”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza araudia aplikatzea eta “hizkuntza eskakizunak betetzea” aldarrikatzen dute. Hain zuzen ere, “euskaraz artatua izateko eskubidea oinarrizkoa” dela azpimarratu du Zubirik, baina “proportzio zehatz batzuetan” bermatuta badago. Administrari lanpostuak banatzea “udalaren esku” dagoela adierazi du eta langile bakoitza jarduera batera edo bestera bideratzeko aukera duela. Nabarmendu du hori horrela izanik, lan jardueraren araberako hizkuntza eskakizuna egin daitekeela, ez duelako beharrezkoa ikusten “artxiboan dagoenari eta harremana zuzena ez duenari herritarrekin” euskara maila bera eskatzea.
Euskararen ezagutzak gora egin ahala, hizkuntza eskakizunek gora egitea logikoa dela ikusten du. “Sistema dinamikoa” denez, bost urtean behin errebisatzen diren indizeek gora egitea onartzen du. Baina tokian-tokiko beharretara egokitzen diren “zentzuzko” indizeak ezarri behar direla dio. Elkartearen “zilegitasuna aldarrikatzen” du eta beraien “ideiak defendatzeko muntaiarik gabeko” lekua edukitzea.