Sabin Zubiri: “Prebarikazio instituzional egiturazkoa eta orokortua dago hizkuntza eskakizunen aferan”

  • Bizkaiko Batzar Nagusietan antolatutako asanblada irekian, lau LEPen helegitetan lagundu duela berretsi du Zubirik, baina gehiagotan parte hartu izana ukatu du. Agerkari honek egindako ikerketa "pelikula" gisa azaldu du, eta horren ondorengo "egurtzea" salatu du.

“ARGIAren muntaiari buruzko” asanblada, Fabian Laespada eta Sabin Zubiri mahaian daudela; azken horiberbetan. Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

2026ko martxoaren 19an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“ARGIAren muntaiari buruzko” asanblada izan da asteazken iluntzean Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bilbon, Euskara Denontzat, por un euskera sin barreras eta Unidas por la Igualdad Lingüística-Hiztunen Berdintasunaren Alde plataformak deituta. Azken horretako kiderik, ordea, ez da izan asanbladan, ARGIAren ikerketako frogak auzibideetara eraman baitituzte eta abokatuek publikoki berbarik ez egitea gomendatu baitiete; horrela azaldu du Sabin Zubiri Euskara Denontzat-eko kideak. Hark bai, hark hartu du hitza, Fabian Laespada elkarteko kidea alboan zuela eta berretsi du pasa den astetik hona zenbait komunikabidetan emandako bertsioa: lau LEPen helegiteetan baino ez dute parte hartu elkarte gisa –ARGIAk Errenteriakoaz gain "gutxienez" lau helegite "deigarriren" inguruko informazioa eman du ikerketan–, baina parte hartze hori defendatu du 1989ko Hizkuntza Legearen “defendatzaileak” direla argudiatuta.

Giro nahasian jazo da bi elkarteek deitutako asanblada. Izan ere, berau egindako egun berean jakinarazi du AEKk CCOO sindikatuak ez duela parte hartuko Korrikan; eta keinu hori salatzeko, PSE-EEk ere uko egin dio parte hartzeari. Bi eragile horietako kideak zein Elkarrekin Podemosekoak, Sumarrekoak, Equokoak, Ezker Anitzakoak eta Soberania y Trabajokoak izan dira asanbladan. Atean izan dituzte Bilboko zenbait euskaltzale Euskaraz bizi nahi dugu, eraso euskarafoborik ez pankarta eskuetan. Tentsio gune txikiren bat izan da, baina behin aretoko atea gurutzatuta baretu da. Euskal hedabideak soilik bertaratu dira asanbladara, eta Zubirik salatu du euskal hedabideak “gainera” etorri zaizkiola, berarekin berbarik egin barik; alde horretatik, Euskadi Irratiaren “duintasun profesionala” goraipatu du, berari hitza eman baitzioten.

“Pelikula” izan da ARGIAk kaleratutako ikerketa, horrela adierazi du Zubirik, eta horretarako behar izan dira hiru elementu: "satorra", alegia, Maider –ARGIAko ikerketan agertzen den informatzailea–; Euskalgintzaren Kontseiluak egin duen helegiteen inguruko monitorizazioa –“diru askorekin”, gehitu du–; eta ARGIA bera. Gehitu du Errenteriako Udalaren parte-hartzea ere frogatzeke dagoela. Edozelan ere, ikerketa eta haren ondorena “egurtze” eta “orwelliano” gisa definitu ditu, eta gogorarazi du: “Administrazio guztiz ilegal bat dugu”. Alegia, aipatu hizkuntza eskakizunen indizea, zeinek eremu batean eskatu daitekeen gutxieneko euskara eskakizun indizea zehazten duen, ez dela betetzen orokorrean: "Prebarikazio instituzional egiturazko eta orokortua dago". Alegia, "gehiegizkoak" direla hizkuntza eskakizunak.

Bilboko zenbait euskaltzalek Batzar Nagusien kanpoan egin duten kontzentrazioa. Argazkia: Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

Kontraesanak eta gainontzeko sindikatuak

Batek baino gehiagok azpimarratu dizkio kontraesanak Zubiriri pasa den asteaz geroztik emandako adierazpenetan. Eta horiez ere aritu da Bilboko asanbladan. Izan ere, lehen pieza kaleratu orduko ARGIArekin izandako berba trukean, Errenteriakoa kasu bakarra izan zela errepikatu zuen Zubirik; gerora, ordea, lau helegitetan zerikusia izan dutela onartu du Euskara Denontzateko presidenteak. Horren arrazoia ARGIAko deiak “boteprontoan” harrapatu zuela da, horrela azaldu du: Zubirik onartu du egoera oso deseroso bat izan zela dei hura, eta momentuan ukatu besterik ezin izan zuela egin. Baina gerora bertsioa onartu izana azpimarratu du.

Eta gehitu du egun ezagun diren ehun helegite ingurutik eurekin lotuak lau baino ez badira ere, gainontzekoetan “sindikatu guztietako kideek” jarri dituztela helegiteak, eta sindikatuak eta Kontseilua bera jakitun direla. Are, Errenteriako kasuari jarraiki, salatu du herri horretako ELAko ordezkariengana jo zuten kideak, LEPari helegitea jarri nahian, CCOOra bideratu zituztela.

Sindikatuari lotuta, azpimarratu du Euskara Denontzat eta Hiztunen Berdintasunaren Alde plataforma CCOOra lotu nahi izan dituela ARGIAk. Bere kasuan hala da, Zubiri CCOO sindikatuko erreferentzia nagusia baita euskara-eskakizunen alorrean, Euskara Denontzateko presidente izateaz batera. Hiztunen Berdintasunaren Aldeko plataformaz honakoa argitaratu zuen ARGIAk ikerketako bigarren albistean, besteak beste: "Osakidetzako langile eta HBA plataformako kide Peralesek eta Veirasek ere harremana dute CCOOrekin, ARGIAren informazioaren arabera. Perales CCOOren zerrendetan joan zen 2024ko Osakidetzako hauteskunde sindikaletan. Veirasek, batetik, mezu batean idatzi zuen CCOO sindikatuak HBA plataformaren lana eta Veiras bera Errenteriako auzian egiten ari zena 'ondo ezagutzen' zuela. Eta bestetik, mezu berean eta jarraian, bera 'sindikatuta' dagoela zehaztu zuen". ARGIAren galderak erantzunez Veirasek informazio hori ukatu zuen, eta horrela jaso zuen komunikabide honek.

Euskararen aurka ez, sistemaren aurka

Zubirik, bere orain arteko adierazpenetan, eta Hiztunen Berdintasunaren Alde plataformako kide Mabelek ARGIAko audioetan ere azpimarratu izan dute euskararen aurkako jarrerarik ez dutela; hura arautzen duen sistema dela kezka sortzen diena. Horixe berretsi du Zubirik, lan eskaintza publikoetan euskara sistema "filologokratiko” bat dagoela salatuta; alegia, titulazioan baino ez dela oinarritzen. Salatu du “pribatizazio ideologikoa” dagoela euskaltegietan –ekonomikoa ere azpimarratu du–, baita euskal hedabideetan ere; alegia, “euskal pluraltasunik” ez dagoela. Adierazpenok oso txalotuak izan dira. Galderen tartean entzun dira ohiko zenbait iritzi klase zapalkuntza hizkuntza zapalkuntzaren gainetik jarri dutenak, entzuleetako batek azpimarratu baitu datu sozioekonomikoek erakusten dutela euskaldunak ez direnen artean pobrezia datuak altuagoak direla. Iritzi hori txalotua izan da publikoaren artean. 

Euskara eskakizunen aferan, sistema defendatzen duten “integrista”, “ultranazionalista” eta “aprobetxategi” asko dagoela salatu du Zubirik; baina gehitu du badagoela “jende ona” euskararen etorkizunak kezkatzen duena, eta horiekin “enpatikoak” izatera deitu du.

Era berean, ordea, gainontzeko adierazpen publikoetan egin gisan azpimarratu du asteazkenean ere hizkuntza eskakizun horiei helegitea jartzeko “beldur” den jende asko ezagutu duela, asteazken goizean CCOOk emandako prentsaurrekoaren bide beretik; “bere eskubideak aldarrikatzeko” beldur den jendea. Salatu du, era berean, euskalgintzako zenbait sektorek aldarrikatzen dutela euskaraz artatzea eskubidea dela, baina langile publikoa izatea ez; azken hori gezurtatu du.

“Kalea eta pedagogia” behar direla esanda amaitu dute hitzaldia.


Oldarraldia ikerketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.