argia.eus
INPRIMATU
Ruben Ollo “Olazti” atxilotu dute Auzitegi Nazionalera eramateko
  • Ruben Ollo "Olazti", La Haine eta Ahotsa hedabideetako kolaboratzailea, poliziek atxilotu dute gaur eguerdiz Iruñean, dirudienez Madrilgo Auzitegi Nazionalera eramateko. 'Terrorismoaren gorazarre' egiteagatik atxilotua 2017ko irailaren 7an, urtarril honetan jakinarazi zuen uko egiten ziola Madrilen deklaratzera azaltzeari.

2018ko martxoaren 12a

Ollok berak Ahotsa.info-ri bidalitako ohar batean urtarrilaren 19an adierazi zuenez, "preso politikoei egindako harrerak publikatzea, errepresio kasuak salatzea eta navarra.com-en gisako hedabide faxistei argitaratzen dituzten falaziak justifikatzeko probak eman ditzaten eskatzea" leporatzen diote. Horregatik, onartzen ez duen legearekiko desobediente jokatu eta Madrilgo auzitegian ez agertzea erabaki zuen: "Audientzia nazi-onala epaitegi frankista eta salbuespenezkoa da, gure herria epaitzeko, eta ez dauka inongo zilegitasunik organo juridiko gisa jarduteko, ez nire kontra, ezta Euskal Herriko inongo herritarren aurka ere, ez eta Espainiako erresumak zapaltzen dituen gainontzeko herrietako pertsonekin". La Haine hedabidean irakur daiteke osorik orduan Olaztik plazaratutakoa.

Dirudienez gaur polizia espainiarrek atxilotu eta Iruñeko Chinchilla komisaldegira eraman dute, Madrilgo salbuespeneko auzitegiaren aginduak betetzeko.