Iruñean Rotxapea-Infanzones partiduan ikusleen eta jokalari bisitarien arteko liskarraren ondorioz protokolo antiarrazista aktibatu behar izan zuten hirugarren jardunaldian. Horrek El Irati izeneko futbol zelaia ateak ixtera eraman du hurrengo bost asteetako partidetan, kadeteetatik, erregional mailara arte.
Hirugarren jardunaldian Infanzones taldeko jokalari batzuek irain arrazistak jaso zituzten Rotxapeako zenbait zaleren eskutik, Diario de Noticiasek jaso duenez. Hitzezko indarkeria eta indarkeria fisikoaren aurkako protokoloa aktibatu zuen Rotxapea taldeak. Behin hori aktibatuta, partidak aurrera egin zuen, baina ofentsa arrazistak entzuten jarraitu ziren harmailetatik, eta klubak ikusle guztiak kanporatzea erabaki zuen. Harmailak hutsik zeudenean eta Udaltzaingoak partida arriskurik gabe jarraitu zitekeela baieztatu zuenean lortu zen hau burutzea.
Gertakari honen aurrean eta inolako erasorik ez errepikatzeko helburuarekin, Rotxapeak estadioa ixtea erabaki du hurrengo bost asteetan, Nafarroako Futbol Federazioak ezar dezakeen zigor ofizialaren esperoan dagoen arren. Klubak adierazi duenez, “animatzeko arrazismoa erabiltzen duenak, ez ditu taldeko koloreak ordezkatzen”, eta ez dituzte jarrera arrazistak “normalizatuko, justifikatuko, ez onartuko”. Gorroto diskurtsoen aurkako jarrera tinkoa erakutsi dute sare sozialen bidez, ez baita lehenengo aldia horrelako erasoak eman direla auzoko taldean. Are gehiago, udalarekin eta Nafarroako Futbol Federazioarekin lan egiteko prestutasuna adierazi dute, “tolerantzia zero” lelopean.
Ostiralean jokatu zuen taldeak publikorik gabeko lehenengo partidua Pamplonaren aurka, 4-4 bukatu zuena. Ez-ohiko egoeraren aurrean, hainbat pertsona kaletik saiatu ziren partidua ikusten, zelaia inguratzen duten hesiek zailtzen badute ere. Prentsa eta Polizia baino ez zegoen El Irati zelaiko harmailetan.