"Normaltasunik ez dago. Erabat faltsua da hori. Ez dezagun engainatu gure burua". Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren hitzak dira. Legebiltzarrean egin zituen atzo adierazpenok, Hondarribiko (Gipuzkoa) alarde mistoaren ibilbidea aldatu izana hizpide izan zuten saioan.
"Hamabost urtean etengabeak izan dira gatazkak. Ertzaintzak parte hartu behar izan du Jaizkibelen bizkartzain gisa, istiluak saihesteko" esan zuen Aresek: "Lasaitasun gehiago egon bada, Ertzaintzaren lanarengatik izan da. Baina normaltasuna, hori ez".
Rodolfo Aresen aurretik, Jaizkibel konpainiako eta Emakundeko ordezkariek, eta Iñigo Lamarca arartekoak hartu zuten hitza, besteren artean.
Ixabel Alkain, Izaskun Larruskain eta Garikoitz Lekuona (Jaizkibel konpainiako kideak): "Zazpi urtean ez da sortu istilurik. Segurtasun neurriak ez ditugu behar. Hori historia da dagoeneko. (...) Ez zen arriskurik. Irailaren 8an Kale Nagusian irainak jasotzea. Hori zen arrisku bakarra. (...) [Jaurlaritzak] jada ez zegoen gatazka bat azaleratu du. Lekurik eta ahotsik ez zeukatenak altxatu egin ditu".
Maria Silvestre (Emakundeko zuzendaria): "Sentitzen dut segurtasun arrazoiengatik bidea eta ordua aldatu izana Jaizkibeli, eragina izan baita haren protagonismoan eta ikusgaitasunean eta aldarrikapenetan. (...) [Hondarribiko Udalak] ez du erraztu berdintasuna lortzea, eta arazoa enkistatzea ahalbidetu du".
Iñigo Lamarca, EAEko arartekoa: "Eusko Jaurlaritzak eta Hondarribiko Udalak ekintza positiboa egin behar dute alarde mistoaren alde, berdintasuna bermatzen duen talde bakarra delako. (...) [Herrizaingo Sailak] kale esanguratsuetatik atera egin du Jaizkibel konpainia; ez, ordea, tradizionala".