Rodions Kurucs Baskoniako jokalariak indarkeria matxistaren inguruan egindako adierazpenak gaitzetsi dituzte Gasteizko hainbat eragile eta saskibaloi taldek. 2019an bikotekidea itotzen saiatzeagatik eta erasotzeagatik atxilotu zuten.
Baskoniako jokalaria den Rodions Kurucsek indarkeria matxistaren inguruan egindako adierazpenak salatu dituzte hainbat eragile eta saskibaloi taldek. Azaldu dutenez, Baskoniako jokalariak indarkeria matxista gutxietsi du sare sozialetan eta irratian emandako elkarrizketa batean. Larunbatean eginiko agerraldian gogorarazi dutenez, 2019an atxilotu zuten bikotekidea itozen saiatzeagatik eta erasotzeagatik. Kurucsek bere kasua baliatu du abusua “bi norabideko fenomenoa” dela esateko eta “gizon asko bidegabeki erruduntzat jotzen direla” adierazteko.
Eragileek gezurtatu egin dute salaketa faltsuen inguruan zabaltzen den diskurtsoa. Salaketa faltsuak “emakume askoren testigantza eta bizi duten indarkeria sistematikoki zalantzan jartzeko erabiltzen” direla adierazi dute, benetako arazoa lausotuz. Era berean, diskurtso erreakzionarioak gero eta normalizatuagoak daudela salatu dute.
Baskoniako jokalaria izanda, Kurucsek erantzukizun berezia duela seinalatu dute: “Bereziki larria da horrelako mezuak oihartzun handia duen kirolari erreferente batek zabaltzea. Kirola balio sozialak transmititzeko eta erreferenteak sortzeko espazio garrantzitsua da”. Zentzu horretan, Baskoniari neurriak hartzeko eta diskurtso matxisten aurka posizionatzeko eskatu diote.
Itaia Gasteiz, Amarauna Basket Fem, Indar Baskonia, Ecagas, CB Siberia Gasteiz, Jotake, Elemento Sport Lakua eta Urgatzi 1. Nazional Senior Mutilak-ek sinatu dute irakurritako deklarazioa.