argia.eus
INPRIMATU
Robokoop, eskaintza faltsuak Marokok Mendebaldeko Saharari egiten dion lapurreta salatzeko
  • Denda berri bat ireki dute Gasteizko Dendaraba gunean, Marokok beste herrialde batzuekin batera aurrera eramaten duen espoliazioa salatzeko eta jendartea kontzientziatzeko. Prezio faltsuak ditu dendak, “baina eguneroko lapurreta handiagoa da”. Sarean ere webgunea zabaldu dute: www.robokoop.com

Hala Bedi @halabedi 2017ko abenduaren 14a

Gabonetako kontestuan, etengabekoak dira erosketak, etengabekoak eskaintzak. Eta Saharako herriari elkartasuna adierazteko moduen ere ez dute mugarik.

500€ balio dituen ‘iPhone X’, 180€-ko ‘Play Station 4’-a edo 4.500€-ko ‘Kawasaki ur-motorra. Gasteizko Dendaraba gunetik pasaz gero, ateak ireki berri dituen denda berezi batekin egingo duzu topo: Robokoop. Atentzioa deitzen duten produktuak, atentzioa deitzen duten prezioak… baina gezurra da dena.

Exagerazio bat. Saharako herriak pairatzen duen egoera latza bezala. Gezur honek, baina, badauka bere zergatia: Marokok, beste herrialde batzuen konplizitatearekin batera, Mendebaldeko Saharan egiten duen espoliazioa beste modu batean salatzea.

Lapurtutako hainbat produktu salgai daudela iragarri dute robokoop.com webgunean

“Robokoop dendako eskaintzak faltsuak dira, baina lapurreta handiago bat burutzen ari da egunero Maroko Mendebaldeko Saharan”, azaldu dute. Sahara Gurea!-k, Arabako SEADen Lagunek, WSRW-k, Equipe Mediak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen duten gunea da Robokoop.

Baina, zergatik salaketa hau? Antolatzaileek azaldu dutenez, Europako auzitegiak Mendebaldeko Sahararen ondasunen salerosketa legez kanpokokatzat jo du. Are gehiago, Espainiak, gaur egun, lurralde honen arduradun adminsitratiboa izaten jarraitzen du. “Salatu nahi dugun espoliazio hau, Marokoko okupazio militarra justifikatzeko arrazoi nagusietako bat da”.

Hori dela eta, salaketaz gain, Robokoop guneak ere eskaerak ditu. Alde batetik, Espainiako Gobernuari Saharako herria babesteko eta autodeterminazio erreferenduma erraztea exijitzen diote. Bestetik, Gasteizko eta Arabako jendartea kontzientzia du helburu dendak.

Beraz, Eguberriko opariak erostea bada zure asmoa, ez joan Robokoopera. Ez dute ordenagailurik edo mugikorrik saltzen. Behin dendan sartuta, panel ezberdinek Mendebaldeko Sahararen egoera salatzen dute. Laguntzeko, bideo bat ere ikusteko aukera dago: denda berezi bat, salaketa eta kontzientziazioa helburu.

Kanpainarekin batera ondorengo bideoa zabaldu dute:


Albiste hau Hala Bedi Irratiak zabaldu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.