argia.eus
INPRIMATU
Rey Urmenetaren heriotzaren aurrean, haserrea eta samina LABek eta ELAk
  • Tristura, samina eta haserrea bezalako hitzak erabili dituzte ELA eta LAB sindikatuek, Xabier Rey Urmenetaren heriotzaren aurrean. Espetxe politika ankerrari egotzi diote gertaturikoa.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 07a

ELAren hitzetan, "Xabier Reyren heriotza banaezina da espainiar Gobernua oraindik aplikatzen ari den espetxe-politika ankerretik: preso asko senideengandik urrundu eta espetxeko lehen gradua aplikatzen zaie modu injustu batean. Xabier Rey, zeinari ez zitzaion atentaturik leporatu, duela hamar urte sartu zuten preso, eta ordutik lehen graduko erregimenean mantendu dute. Salbuespenezko erregimen hau gaur euskal presoen %92ri aplikatzen zaio, baina horretarako, ia kasu gehienetan, ez dago baldintza objektiborik, beharrik edota legeak aipatzen duen arrazoirik".

Mendekua helburu duen espetxe-politika salatu ostean, "ELAk espainiar Gobernuari exijitzen dio legea bete dezala, dispertsio politika bertan behera utzi eta gradu-progresioa lortzeko modua bidera dezala; horrela banakako tratamendua eta espetxe-onurak izateko aukera posible izango da".

LABek argitaratu duenez, biktima berririk egon ez dadin premiazkoa da espetxe politika aldatzea. " Entzuten ari gara beharrezkoak direla iraganeko minaren aitortza, erreparazioa eta elkarbizitzaren eraikuntza, baina ezin ditugu ahaztu oraindik ere indarrean dauden eskubide urraketak, oraindik ere sortzen ari diren biktima berriak, eta sor daitezkeenak, horiek ekiditeko erabaki eta neurri berriak jartu ezean. Argi dugu indargabetu egin behar direla biktima eta sufrimendu berriak eragiten dituzten politikak. Zentzu honetan, premiazkoa da euskal presoek jasaten dituzten salbuespenezko neurriak desaktibatzea, isolamendu egoerak amaitzea, lehen gradutik ateratzea eta Euskal Herrira gerturatzea, preso guztiak etxeratze bidean kokatuko dituen prozesu baten baitan".

LABek dei egin die euskal langileei heriotza salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.