AEBek eta Txinak, G2ak, reprise kaskarreko motorra daukate


2026ko martxoaren 24an - 10:23
Azken eguneraketa: 12:38
Donald Trump AEBetako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, G20ko bilera batean. The White House (CC PDM 1.0)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Haren aldeko filosofia duenak berehalako premia gutxi duelako, eta oraintxe bertan haren beharra duena, barrenean, ideiaren arerioa delako izango da seguruenera. Baina G-2k ez du lortzen asmoa abian jartzea baino askoz gehiago. Hilaren akabuan Beijingen Trump eta Xiren artean egin behar zen goi-bilera sine die atzeratu izanak horixe erakusten du. Maiatzerako atzeratzen dela esan da, baina ad kalendas graecas izan daiteke, zergati ofiziala –gerra– kontuan izaten badugu. Egokiera are okerragoa izan daitekeelako orduan.

Edonola ere, G-2 egitasmoaren berezko moteltasuna iradokitzen du. Eta ez da albiste ona. Aurretiazko beste ekimen batzuen gainbehera berrestera datorrelako: G7 (G8, garai batean), Trumpen trufa-leku bihurtuta dago; G20k argazki koloretsuak ematen ditu, baina ez asko gehiago; BRICSek bezeria ugaritu du, bai, baina ez eraginkortasuna... Haien ordez, bi handienen arteko G-2k eman behar lieke, gutxienez, nolabaiteko egonkortasuna mundu mailako gorabehera eta harremanei. Baina asko eskatzea da nonbait.

Estatu Batuak ez dira inoiz G-2ren aldekoak izan estrategikoki. Gerra Hotzaren garaiko bitasun hura izango du gogoan eta, orduan bezala, bien arteko lehia, jazargoa eta kontraesana lehenetsi behar direla deritzo bertako elitearen gehien-gehiengoak. Inoiz ez dira lankidetzaren aldekoak izan, ez behintzat parekotasunean. Baina egungo Txinarekin beste aukerarik ez dago. Hori bai, taktikoki, aurkariarekin tratuak egin beharrean aurki daitezke Estatu Batuak, eta horixe gertatu zaio Trump 2.0ri muga-zergen eta gainerakoen emaitza uste baino askoz ustelagoa izan denean. Horregatik aritu da Etxe Zuriko jauna azken hilabete hauetan Xirekin goi-bilkura iradokitzen, eskatzen, erregutzen, Korean egindako solasaz harago. Berak jarritako hitzordua atzeratu beharrean aurkitu omen den arte.

Aldiz, agerikoa da G2 horren aldekoa dela egungo Txinaren filosofia politikoa. Ez diote hala deitzen, antzeko izena dutenekiko alderaketa saihesteko, agian; baina “estatuburuen arteko diplomazia” deritzotena ez da besterik. Eta ez dut uste Xiren egoarekin edo mundua erdibanatzeko asmoarekin zerikusirik duenik. Aitzitik, “potentzia handiak” kontzeptua –eta haien erantzukizun global berezia– gero eta maizago aditzen da Beijingetik jaulkitako literaturan. Eta argi dago kontzeptuaren erpinean bi besterik ez dituztela ikusten: AEBak eta Txina. Bigarren maila batean, Errusia eta India ere ontzat ematen dituztela dirudi... eta Europako Batasuna, batuta jokatzeko gai balitz. Multipolaritate mailakatua izango litzateke, maila bakoitzak bere foroak dituela.

Baina une honetan Txinak ez du aparteko grinarik Trumpekin biltzeko. Oinak arrastatuz ibili da hitzordua adosteko, eta atzerapenak poztu egin duela esango nuke. Zergatik? Lehendik ere motxila ekonomiko astun samarrarekin eta presio-baliabide zalantzagarriekin bazetorren Trump, gerraren ondorioekin are zamatuago eseri beharko duelako. Pentsa, adibidez, mineral estrategikoen nolako beharra izango duten AEBek datozen hilabeteetan bere armategiak berrosatzeko... eta atal horretan Txinarekiko dependentzia ez dela ia batere gutxitu iaz horixe bera gertatu zenez geroztik.


Irakurri gehiago: Txina Nazioartea Asia AEB Amerika
Txina kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Trump Txinan

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.