Ramon Zallo, ikertzaile eta militante nekaezinaren profila

  • Ramon Zallo (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948-2026) EHUko katedradun, ikerlari eta ekintzailea zendu da 77 urterekin. Komunikazioaren ikuspegitik ekarpen akademiko oparoa egiteaz gain, hamaika borroka eta ekimenetan engaiaturik ibili izan zen bere bizitzan, politika, kultura eta ekologismoari lotuta. “Eskerrik asko, Ramon, erakutsi diguzun guztiagatik eta borrokan bidelagun izateagatik”, halaxe eman du bere heriotzaren berri Guggenheim Urdaibai Stop plataformak. Astearte honetan agurtuko dute herriko Uribe beilatokian.

Ramon Zallo, 2019ko irudi batean Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2026ko martxoaren 31n - 13:24
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

77 urterekin hil da Ramon Zallo Elgezabal, Gernikan, gaixotasun baten ondorioz. EHUko katedradun emeritua eta Informazio Zientzietan doktorea, unibertsitateari lotuta eman zuen bere karrera profesional guztia, baina horrez gain hamaika ekimen eta borrokatan hartu zuen parte, eta erakundeentzako aholkulari gisa ere jardun zuen. Bere heriotzak atsekabe handia eragin du politika, gizarte, kultura eta kazetaritzaren esparruan.

Zallo Deustun lizentziatu zen Zuzenbidean eta Ekonomian, eta 1978an hasi zen klaseak ematen Leioan, Informazio Zientzietako Unitatean. Handik gutxira, EHUko Gizarte eta Komunikazioaren Zientzien Fakultatearen sortzaileetako bat izan zen. Fakultate hartan ibilbide akademiko oparoari ekin zion; besteak beste Ekonomia saileko zuzendaria, dekanordea, eta Ikus-entzunezko Komunikazio saileko zuzendaria izan zen. 1994an Ikus-entzunezko Komunikazio katedradun izendatu zuten.

Komunikazioaren esparruan hamaika ikerketa egindakoa, EHUk bere hil-berrien oharrean nabarmendu du  “komunikazioaren eta kulturaren industrien ikerketan aitzindaria” izan zela. Hamaika artikulu, liburu eta konferentzia landu zituen bere ibilbidean zehar. Azkeneko liburua iaz kaleratu zuen, Retrovisor y bisturí. Memoria crítica de una resistencia (Erretrobisorea eta bisturia. Erresistentzia baten memoria kritikoa) izenekoa, eta borroka antifrankistatik gaur egun arteko ibilbidearen inguruko hausnarketa pertsonala egiten du.

Bere analisiak oso estimatuak ziren alor askotan, zorrotz bezain zehatzak zirelako. 2025ean Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ohorezko saria jaso zuen

ARGIAn ere makina bat artikulu eta mahai-ingurutan hartu zuen parte Zallok. Esaterako, 2019an Interneti buruzko Larrun monografikorako hitz egin zuen: “Niri gehien kezkatzen nauena pentsamendu kritikoaren eta testuinguruaren galera da. Pentsamendu zakarrena nagusitzen da sareetan”, esan zuen ordukoan. 2008an, Loiolako elkarrizketen ostean eta ezker abertzalearen ilegalizazio fase betean, hauxe esan zuen hedabide honekin izandako beste elkarrizketa batean: “Ongizateari buruzko proiektuak garrantzitsuak eta eztabaidatuak izango dira. Euskal Herria birpentsatzeko unea iritsi da. Eztabaidek arazoaren muinera joan beharko dute”.

Zallo Eusko Jaurlaritzako kultura aholkulari izan zen Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaian, eta Kulturaren Euskal Planaren egile nagusietakoa izan zen. Handik urte batzuetara, berriz, EH Bilduren aholkulari jardun zuen. Bere analisiak oso estimatuak ziren alor askotan, zorrotz bezain zehatzak zirelako. 2025ean Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ohorezko saria jaso zuen.

1993an unibertsitateko bere bulegoan  ARGIAren artxiboa

Gaztetatik erresistentzian

1960ko hamarkadan Frankismoaren kontrako mugimenduetan buru-belarri murgilduta ibili zen Zallo, lehenik ikasle eta gazte taldeetan sartu zen, eta gero ETAn. Hainbat aldiz atxilotua, torturak jasan zituen polizien eskutik. Trantsizio urteetan LKIn ibili zen, eta 1984an hamarkadan Euskadiko Ezkerraren ildotik sorturiko Auzolan aliantza babestu zuen. Erakunde hori desegin zenean utzi zion alderdi politikoei loturiko egituretan parte hartzeari.

Baina militantzia ez zuen sekula utzi: “Ramonek konpromiso ezin hobeak hartu zituen, etenik gabe, kulturarekin, demokraziarekin, eskubide sozialekin, Euskal Herriarekin eta internazionalismoarekin”, idatzi du Petxo Idoiaga burkide eta herrikideak Berria-n.

1998an, fakultatean. Monika del Valle / ARGIA

Geroztik presoen eskubideen aldeko Sare plataforman ikusi dugu, Egunkaria-ren aldeko mobilizazio eta ekimenetan, eta mugimendu ekosozialetan, Guggenheim Urdaibai Stop plataforman kasu: “Gaur Busturialdea triste dago. Ramon joan jaku. Eskerrik asko Ramon eskualde honen alde egindako lan guztiagatik, erakutsi diguzun guztiagatik eta borrokan bidelagun izateagatik”, idatzi dute plataforma horretako sare sozialetan, bere heriotzaren berri ematean.

Azken agurra Gernikan-Lumon egingo diote, Uribe beilatokian, astearte honetan 17:00etatik aurrera.


Utzi erantzuna

Iruzkin bat

Manex
2026-03-31 // 15:12
Pertsona jakintsu eta konprometitua, galera handia da Euskal Herriarentzat. Berak idatzitakoak geratzen zaizkigu. Lurrak goxo har zaitzala, maisu!
Unibertsitatea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.