Naiz-ek argitaratu duenez, 90 urte zituela hil da oiartzuarra. Deportatua izan ostean, urte luzez mundu osoko hainbat herrialdetan ibili zen ihesi, 1996an Ipar Euskal Herrira itzuli zen arte, Euskal Herriko Nortasun Agiria agiri bakartzat hartuta. ETAko nazioarteko aparatuko buru izatea egotzita, 2015ean Baigorrin atxilotu zuten.
1936an Bilbon jaioa, Oiartzun (Gipuzkoa) bizitoki gisa hartu zuen Ramon Sagarzazu 'Xenpe'-k. 1971n Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuen, ETAk egindako zenbait lapurretaren ondorioz. Deportatua izan zen, eta Aljerian, Cabo Verden, Kuban eta Venezuelan bizi izan. 1996an, ordea, Karlos Ibargurenekin batera, Ipar Euskal Herrira itzuli zen Euskal Herriko Nortasun Agiria agiri bakartzat hartuta. "Euskal herritar gisa bizi nahi genuen, eta dendetan, gasolindegietan, aurrezki kutxetan gure nortasuna erakusten zuen agiria erabiltzeko deliberoa hartu genuen", adierazi zuen 2020an Naiz agerkari digitalean eginiko elkarrizketa batean.
Geroztik, bi aldiz atxilotu zuten: 2007an lehen aldiz, 1993an zerga iraultzailea kobratzea egotzita; eta 2015ean Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAren ustezko buruzagitzaren aurkako Frantziako eta Espainiako poliziek elkarlanean egindako operazio batean, ETAko nazioarteko aparatuko buru izatea egotzita. Atxilotu eta bizpahiru hilabetera, 2016ko urtarrilean aske utzi zuten.