Egunero gehienez ere 150 palestinarrek irtetzerik izango dute Gazatik Egiptora, eta 50 sartu. Munduko Osasun Erakundearen arabera, 16.500 gazatar gaixo edo zaurituk dute atera beharra artatuak izateko. Asteburuan gutxienez 32 palestinar hil ditu Israelek Gazan, su-etena ustez indarrean jarri zenetik 520.
Iganderako zegoen aurreikusita Egipto eta Gaza arteko mugaren irekiera, baina Palestinako lurralde okupatuetan aritzen den COGAT erakunde militar israeldarrak jakinarazi zuen egunean bertan irekiera astelehenera atzeratuko zela. Rafahko pasabidea 2024ko maiatzetik du itxita Israelek, eta horrela jarraitzen du, Trumpen planaren lehen fasearen arabera irekita egon beharko lukeen arren. Urtarrilaren 14an iragarri zuten AEBek planaren bigarren fasea indarrean jarri zela, Gazako Zerrenda gobernatuko duen teknokraten batzordearen osaerarekin.
COGATek ohar bidez azaldu duenez, "hasierako fase pilotua Europar Batasunaren Mugako Laguntzarako Misioarekin (EUBAM), Egiptorekin eta parte diren eragile guztiekin koordinatuta" burutuko da. Ikuskatzaile lanak egingo dituzte aipatu erakundeek, baina erabakia estatu sionistaren esku egongo da. Gazako biztanleek Israelen aldez aurretiko baimena beharko dute Egipto eta Palestina arteko muga pasatzeko, eta horrez gain hainbat kontrol postutik pasa beharko dute mugan bertan, Israelgo armadaren kontrolpean dagoen eremu batean.
Artatuak izateko Gazatik irten beharra duten palestinarrak 16.500 dira Munduko Osasun Erakundearen arabera, baina, iragarritakoa betez gero, astelehenetik aurrera egunero 150 palestinar ateratzerik izango dute Egiptora, eta 50 sartu.
Bonbardaketa gehiago, lekuko gutxiago
Larunbatean Gazako hainbat eraikin eta errefuxiatuen kanpamentu bonbardatu zituen Israelek. Gutxienez 32 palestinar hil zituen, horietako zazpi haurrak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, su-etena ustez indarrean jarri zenetik 520 dira hildakoak.
Testuinguru horretan, Israelgo Gobernuak erabaki du MGM Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundea Gazatik kanporatzea, erakundeak ez dizkiolako Israelgo Gobernuari eman berarekin lan egiten duten palestinarren izen-abizenak. Otsailaren 28rako irten beharko du GKEk Gazako Zerrendatik. MGMk adierazi duenez, zalantzan egon da datuak eman ala ez, baina azkenean ez egitea erabaki du Israelek ez ziolako “bermatzen” palestinar horiek aurka egingo ez duenik.