Baskonia Alaves taldearen jabe nagusi Josean Querejetak eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek Baskonia Alaves taldearen urrats “estrategiko” berria iragarri zuten uztailaren 6an. Querejetak erosi egingo ditu Baskoniak partidak jokatzen dituen baina aldundiaren jabetza publikoa den Fernando Buesa Arena pabiloia, ondoko aparkaleku handia eta “bere jarduerari lotutako lursailak”.
Salmentaren kopururik ez zuten eman, baina bai ekarriko dituen ustezko onuren hainbat baieztapen eta datu: Baskonia Alaves taldeak 153 milioi inbertituko ditu, 345 lanpostu berri sortuko, pabiloia “nazioarteko erreferentzia” bilakatuko dute saskibaloi partidez gain beste kirol eta aisialdi ekitaldiak antolatuta. Pagotxa: “Araba nazioarteko kirol, hezkuntza, osasun eta entretenimendu erreferentzia gisa sendotzea ahalbidetuko duen proiektua”.
“Kontua ez da aktibo batetik askatzea”, adierazi zuen diputatu nagusiak, arabarron jabetza publikoa pribatizatzeko erabakia argudiatuz, baizik eta, “bere potentzial guztia aktibatzea”. Batek galde lezake: azpiegiturak tamainako potentziala badu, zergatik ez du aldundiak berak zukutzen pribatizatu gabe eta denon onurarako?
Baskonia Alaves taldeak 153 milioi inbertituko ditu, 345 lanpostu berri sortuko, pabiloia “nazioarteko erreferentzia” bilakatuko
EAJ, PSE eta PPk salmenta txalotu dute. EH Bilduk “lupaz” aztertuko duela adierazi du. Elkarrekin Arabak “pelotazoa” salatu du.
“Buesa Arenan ekosistema bat finkatu da, EUNEIZ, BAKH, Ondare Residencia eta Baskonia Alavés Academy enpresek osatua”, zioen aldundiaren prentsa oharrak. Ekosistema horren izaeraz apunte batzuk:
2009an Arabako Fiskaltzak administrazio publikoaren aurkako delitua leporatu zion Gasteizko Udaleko hirigintza zuzentzen duen 21 Zabalkundea sozietate publikoaren gerenteari (Alfredo Piris ahalguztiduna): 2003an Baskoniak udalaren hainbat lur erosi zituen BAKH eraikitzeko; 8 milioi eurotan... operazioaren aurretik, fiskaltzaren esanetan, 18 milioitan tasatu zituenean. 2010Ean epaileak salaketa artxibatu zuen.
EUNEIZ unibertsitate pribatuaren sorrera EAJ, PSE, PP eta Vox alderdiek onartu zuten Eusko Legebiltzarrean. Gainontzeko alderdien, EHUren, sindikatu eta ikasle antolakuntza guztien kontrakotasunarekin, besteak beste bere graduek unibertsitate publikoari konpetentzia zuzena egiten dietelako. Uztailaren 6ko agerraldian azaldu zutenez, “urrats estrategiko” berriaren helburua EUNEIZen ikasle kopurua egungo 800etik 2.800era igotzea da.
BAKH Baskonia Alaves Kirol Hiriaren erreferentzia nagusietakoa izotz pista da, 2008an irekia. Urte berean itxi zuen Gasteizko Udalak 34 urtez zabalik egon zen izotz pista munizipala, publikoa. 2009an udal berak erabaki zuen Querejetari urtero kanon bat ordaintzea, gasteiztarrek izotz pista pribatua erabiltzeko aukera izan dezaten. Ordutik 7 milioi euro behintzat joan dira gure patrikatik Querejetarenera. 2018an Gorka Urtaran garaiko alkateak onartu zuen ordura arte BAKHaren izotz pistagatik ordaindutakoarekin “udal-instalazio berri bat finantzatu” zezakeela udalak.
2022an BAKHaren azken zabalkundeak polemika sortu zuen, Gasteizko eraztun berdeari eta Salburuako hezeguneari eragiten ziolako, eremu babestuak direnak. Talde ekologistek aurkakotasuna adierazi zuten, udalaren txosten batek “atzeraezineko” kalteak iragarri zituen, baina udalak baimena eman zuen. Uztailaren 6an jakin dugunez, zabalkunde berria dute aurreikusia.
"Ez gara ari kirolaz soilik, gizarte eredu batez ari gara” (Gurea Da, Alaveseko akziodun txikien elkartea)
“Saskibaloia eta futbola baino askoz gehiago: horrelakoa da Querejetaren enpresa multzoa Baskonia eta Alavesen gibelean” erreportaje mardula argitaratu zuten Iker Rioja eta Ruben Pereda kazetariek eldiario.es hedabidean 2026ko urtarrilean. Bertan irakurri daitezke taldearen “sozietate-mordoiloa” eta haien arteko loturak eta kredituak, Ukrainan dituen negozioak, Mendizorrotzako estadio eta Buesa Arena pabiloi publikoak modu pribatuan erabilita ateratako etekinak, Baskoniari edota Alavesi aldundiak barkatutako zorrak eta kontu ofizialak koadratu ditzaten baimentzen dien ingeniaritza fiskala... Ibilbide horretan guztian, Querejetak bere zerbitzura izan ditu Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala, berdin herrialdeko hedabide menpekoenak ere.
Alaveseko akziodun txikien Gurea Da elkarteak gogor kritikatu du akordioaren azala –“opakua”–, zein mamia –“ez baikara ari kirolaz soilik, gizarte eredu batez ari gara”–. Lanpostuen sorrera iragartzeak ezin du aitzakia izan ondare publikoa pribatizatzeko eta “enpresa baten interesak herritar guztienen gainetik jartzeko”, salatu dute.
Aski onartua da Florentino Pérez Real Madrileko presidentea Espainiako pertsonarik boteretsuenetakoa dela, hainbat elementuren batuketari esker: kazetari eta politikari esanekoen sarea, negozio pribatu erraldoiak, erakundeen babes politiko eta ekonomikoa, masa kirolaren erabilera politikoa... Fonsi Loaizak aztertu du bere figura Florentino Pérez, el poder del palco (Florentino Pérez, palkoaren boterea) liburuan. Real Madrileko estadioaren palkoa izenburura eraman zuen, bertako VIP eremua omen delako egiazko boteredunen elkargunea eta (goi) klase pedigria ematen duena.
“Fernando Buesa Arenaren hobekuntza proiektua pabiloian VIP palko eta eremuak gehitzean oinarritzen da”, salatu du Gurea Dak, “deriba geldiezina, tradizioz herrikoiak izan diren ikuskizunak kirats klasista duten proposamen bihurtzen dituena”. Nortzuk elkartuko dira bertan? Zer negozio berri egiteko?