Paul St-Pierre Plamondon buru duen PQ alderdi independentistak irabazi ditu hauteskundeak, baina gehiengo osorik gabe gobernatuko du. Donald Trump Etxe Zuritik ateratzean independentziari buruzko erreferenduma egitea aurreikusten du.
Quebeceko parlamentua osatzen duten 127 eserlekuetatik 59 eskuratu ditu Alderdi Quebectarrak (PQ), bozken %28 ingururekin hauteskundeak irabazita. Horrek gobernua gutxiengo egoeran osatzera behartzen duen arren, alderdiak Quebeceko gizartearengandik berreskuratutako konfiantza mahaigaineratu du, 2022ko hauteskundeetan lortutako hiru eserleku eta bozken %15arekin alderatuta, independentisten babesak nabarmen egin duelako gora.
Orain arte gobernuan zegoen Quebecen Etorkizuna Koalizioa (CAQ) alderdiak porrot gogorra jaso du, azkenengo zortzi urteetan gobernua osatu eta gero, 90 eserlekutik bat ere ez izatera pasatu baita. Alderdi Liberala bigarren indarra izan da, 40 eserleku eskuratuta, eta Quebec Solidarioa (QS) alderdiak, ezkerreko potentziak, bi diputatu galdu ditu, bederatzirekin osatuko du parlamentua. Aldiz, mundua astintzen duen oldarraldi erreakzionarioak ere oihartzuna utzi du Quebecen, Alderdi Kontserbadoreak (PCQ) eskuratutako hemeretzi eserlekuek hautesleen eskuineranzko joera erakusten baitute; PCQ lehen aldiz sartu da parlamentuan.
Mark Carney Kanadako lehen ministroak (Alderdi Liberaleko burua) Plamondon irabazlea zoriondu du sare sozialen bidez, eta elkarrekin lan egiteko prestutasuna adierazi dio: “Quebec indartsuagoa eraikitzea Kanada indartsuagoa eraikitzeko oinarrietako bat da”.
Burujabetzari buruzko eztabaidari dagokionez, independentisten buruak ez du erreferenduma antolatzeko borondaterik Donald Trump Etxe Zuritik kanpo egon arte, ezustekorik egon ezean, 2029ko urtarrilean litzatekeena. Plamondonek argi du AEBetako ezegonkortasuna ez dela independentziarako mesedegarria: “AEBetako ustekabeek nazio gisa dugun etorkizunari buruzko eztabaidaren kalitateari kalte egingo diote”.
Inkesten arabera, gaur egun quebectarren %30ak babestuko luke independentziaren aldeko hautua. Lehenengo erreferenduma 1980an egin zuten, eta %60k ezezkoa bozkatu zuen. Azkenengo saiakera 1995ean antolatu zen, eta ezezkoaren garaipen estua izan zen: %50,58. Horren ondoren, independentziari buruzko erreferenduma deitzeko baldintzak gogortu ziren. Orain iragarritakoa PQk bultzatutako hirugarren erreferenduma izango litzateke.