NATOko gailurrak Europak AEBekiko duen mendekotasuna agerian utzi du ostera ere. Erakunde militarreko kideek defentsa gastua igotzen jarraituko dute, eta AEBek baliatuko dute diru hori aliatu europarrei armak saltzeko, horiek Ukrainara bidera ditzaten.
Sinesgaitza da aliatu batek beste aliatuak horrela iraintzea behin eta berriz, baina NATOko Ankarako gailurrak berriro erakutsi du NATOk eta Europak AEBekiko duten menpekotasun sakona. Lehenik eta behin, ostera ere argi ikusi da munduko geopolitikan eurozentrismoa lekua galtzen ari dela eta Ekialde Erdian eta Ekialde Urrunean zentralitatea irabazten ari dela. Gailurraren bezperan AEBek Iranekin lortutako bake akordioa hautsi zuten eta herrialde horri eraso egin zioten; Ekialde Erdiko AEBetako base militarrei eraso eginez erantzun zuen Iranek.
Gerra hori dela eta AEBetako presidente Donald Trumpek akusazio gogorrak egin dizkie bere aliatuei, hartan ez laguntzeagatik. Aurreko egunetan, Matthew G. Whitaker AEBetako NATOko enbaxadoreak adierazia zuen Trumpen kritika horiek iragana zirela jada, eta aliatuen arteko harremana giro onean eramango zutela gailurrean. Ahalegin diplomatikoak ezer gutxi balio izan zuen Trumpen irainei eusteko.
Iraneko zaplaztekoaz nahiko ez, eta Groenlandia eta Espainia ere mahaigaineratu zituen mandatari estatubatuarrak. Groenlandiaz argi mintzatu zen: “Munduko bakearentzat giltzarri da, eta Danimarkak kudeatu beharrean guk egin beharko genuke”. Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak erantzun zion Danimarkako lurraldearen “zentimetro bakoitza defendituko” dutela.
Emmanuel Macronek AEBek NATOko kide bati eraso egitea pentsatzea “politika fikzioa” dela zehaztu zuen, baina gailurraren airean dago Trumpek orain A esan dezakeela eta bihar B, eta beraz, etzi lasai asko inbaditu dezakeela Groenlandia. Alde horretatik, beste behin ere, argi ikusi da NATOko lider europarrek ez dutela Trumpen haserrea areagotu nahi: erasoen aurrean, isiltasuna.
Trumpen haserrearen zirimolak, halaber, beste behin harrapatu zituen Espainia eta Pedro Sánchez. Epelak jaurti zizkion beste behin ere Sánchezi AEBetako presidenteak: AEBetako europar aurkari handienatzat jo zuen eta, besteak beste, Espainiarekin merkataritza harremanak mozteko mehatxu egin. Gailurrean NATOko gainerako kideek isiltasuna mantendu zuten Trumpen eraso horien inguruan, eta Europar Batasunak asteazken honetan eskatu diote AEBei bete dezatela 2025ean EBrekin muga-zergen inguruan sinatutako akordioa.
Goizez haserre bizian eta arratsaldez pozarren, horixe da Trump, eta egunaren bukaeran, alai adierazi zuen gailurra arrakasta handiarekin amaitu zela, Espainiak dagoeneko onartu zuela gehiago ordaintzea, aliatu guztiak inoiz baino batuago daudela, eta ez duela sekula ikusi horren giro onik NATOko gailur batean. Erakundeko idazkari nagusi Mark Ruttek are eta alaiago errepikatu zituen jauntxoak adierazitakoak, eta denak pozik.
Baina Trumpek berea lortu zuen
Gailurrean egon da Volodimir Zelenski, NATOren sostengua eskatu du Errusiari aurre egiteko, baina ez du duela bizpahiru urte bereganatzen zuen zentralitatea izan. Azkenean, gailurrak ez du diru kopuru berririk onartu eta lehendik Ukraina militarki laguntzeko onartuak zituen 90.000 milioi euroetatik 70.000 milioi azkartzea ebatzi du. Diru horrek Ukraina lagunduko du, bereziki aire defentsa sistema indartzen, baina baita AEBak ere: diru horrekin armak saltzen dizkio Europar Batasunari, eta EBk Ukrainara bideratzen ditu.
Une honetan, Ukrainako aire sistemaren indartzea Patriot misil gehiago eskuratzea da, Errusiaren aurkako eraso eraginkorrei aurre egin ahal izateko. Bere burua hobeto defenditu nahi du Ukrainak, Errusiari hobeto eraso egin ahal izateko. Azken hilabeteetan, bereziki droneen bidez, Ukraina eraginkortasun handiz ari da kolpatzen Errusiako era guztietako azpiegiturak, batez ere energetikoak; erantzun gisa, Errusia ere gogor ari da erasoan. Oraingoz, Ukrainaren eraso horiek ez dira aski Errusiaren aurrean galdu duen lurraldearen %20aren ezertxo ere berreskuratzeko, baina bai Errusiari gero eta min handiagoa egiteko. Egoerak berotzen jarraitzen du eta horren aurrean, Errusiak ohartarazpen ugari egin dizkie EBri eta NATOri, horrela jarraituz gero haiei egindako eraso zuzenekin erantzungo duela jakinarazita.
Azken finean, purrustadak purrustada, Trumpek AEBen patrika gizentzea lortu du beste behin ere. Hori da gailurraren ondorio nagusienetakoa. Bere aliatuek ez dutela gastu militarra handitzen errepikatzen du etengabe, baina NATOren urteko txostenek era borobilean gezurtatzen dute hori: Bigarren Mundu Gerraz geroztik defentsa gasturik handiena egin du NATOk azken hamarkadan; 2015etik 2025era %82,76 handitu da gastu militarra. Eta gastu horren zati handi bat bideratzen da AEBen armak erostera.