Duela hiru edo lau hamarkada, PSOE ados zegoen gizartearen euskalduntze progresiboa egin beharrarekin, orain, hori gauzatzeko neurriak adosterakoan, beto eskubidea ezartzen dute.
Lotsaren arrastorik gabe, euskararen alde azaltzen dira, betiere gaztelaniaren menpekoa den bitartean.
Nik, gaur, hemendik jotzeko asmoa agertu nahi nuke. Estatuek betidanik erabiltzen baitute bere hizkuntza tresna bezala. Horrela inposatzen dute eskolak, hezkuntzak eta inguruak, beraz, tresna gisa, hizkuntza, menderatze sistema guztien eraikuntzarako, beti izan dute beharrezkoa.
Hori horrela izanik, ondoko helburu hau argia da: hizkuntza desberdinak desagerraraztea, nahiz bizi dugun demokrazia irrigarri honek beti uka.
Laburbilduz, hizkuntza beti izan da, eta izango da, koloniaren zutabe.
Arlo honetan, zoritxarrez, Lakuan EAJ bakarrik egon ala ez, eta batez ere hizkuntzarekin harreman zuzena duten sail guztiak, “gehienetan” urrats txepel bezain ahulak eman dituzte.
Dena dela, egiten ari direnak –esandakoak aparte– ez dira hain berriak, badituzte aurrekariak.
Agian norbaitzuek ez dute pozez hartuko, baina gaur mahai gainean jartzen diren erabakiak, eta bihar lege izango direnak ikusita, espainiarrarentzat, hain miresgarriak diren Isabel eta Fernando, “errege-erregina katolikoak”, Espainiako Estatuko demokraziaren gobernu guztien aitzindari eta “maisu” bilakatzen ari dira. Zoritxarrez, Gasteizen ere bada horrelako zerbait.
“Errege-erregina katolikoek” Euskal Herria eta Galizia konkistatu zituzten garaian erabilitako metodologia berbera dute eredu, gaur ere. Orduan, herri bat konkistatzen zutenean, lehenik begiratu beharrekoa zen ea konkistatzailearen hizkuntza berekoak ziren ala ez.
“Errege-erregina katolikoek” egindakoaren arabera, desberdinekoa baldin bada, hauek hartu beharreko neurri batzuk; disidenteak desterratu eta espetxeratu. Pilaka kanpora bidali behar dira eta alderantziz, kanpotar jende ahalik eta gehien eraman bertara bizitzera. Hau da, inbaditu, kolonizatu egin behar da. Jakina, gainera noblezia eta buruzagiak neutralizatu, eta kanpokoak ezarriz, noski.
Hau da, besteak beste, “errege-erregina katolikoek” Euskal Herrian eta Galizian erabilitako metodologia, indarrez konkistatutako lurraldeak kolonizatzeko.
Poliki-poliki, lerro hauetan agertzen ari direnak baino hurbilagoko denborak, ezagutzak, baita esperientziak ere sumatzen dira. Ez baitaude hain urrun Franco diktadorearen menpe bizi eta ezagututakoak. Galiziar txiki bezain gaiztoak ongi ezagutzen zituen bera jaiotako lurraldean Isabel eta Fernando famatuek egindako sarraskiak. Beraz, ez da batere harritzekoa, helburu berberak izanik, gauza bera egin izana. Geroago, eta galiziar “maisua” omenduz, Afrikako iparraldean, Hasan II.ak Saharan indarrez inposatutako kolonizazio berbera.
Ez du ezertarako balio egiari bizkar emateak, aspaldidanik dakigu indarrez eraikitako estatuak, berez sortzen dituen disidentziari, “separatista” edota “terrorista” deitzen duten tendentzia oso hedatua dagoela. Ez da berria, garai bateko Sobietar Batasunean, Ukrainiarekin hasi eta beste hainbat errepublika indar zentralisten eragina ongi ikasita daude. Zenbat urte dira ba Sizilia banatu zenetik?
Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Eskozian , Belgikan, Kanadan eta beste lurralde gehiagotan, gatazka sozialek dimentsio etnikoa dute. Hainbat “probintzia” eta “autonomia” nazio agertzen dira, eta neurri batean edo bestean, estatu nazional bat bereganatu nahi dute.
Beraz, ez dago luze begiratu beharrik, gaur egungo mugak menperatzaile diren klaseen interesei dagozkiela eta ez herrikoi diren nahiei. Horregatik, potentzia handiek harrokeriaz aldarrikatzen duten batasun horrek nazio eta herri txikiagoaren zapalkuntza adierazten du. Eta nola ez, horrek begi bistan –edo gordeta– dakarren bortxa errepresiboaren erabilera.
Ez da harritzekoa, beraz, beti egia estali nahi izatea, eta horregatik, PSOEk –Lakuan egon ala ez– betiko mezu berbera erabiltzea: sentiberatasun asko dituen gizarte “berria” eraiki beharrean gaude. Bere inguruetatik ez dator besterik, berdintasunean bizitzen ikasi beharra dago, aipatzen dute behin eta berriro. Tarteka ere entzuten dira “euskaldun pasiboaren” izaera aldarrikatu eta bermatzen dituzten hitzak. Baina euskaldunari –euskara duenari– “gaztelau pasiboa” izateko aldarria eta bermea ez dizut oraindik entzun, Andueza jauna.
Beraz, berdintasun nahiko berezia saltzen ari zarete. Beste zerbait asmatu ezean –eta ez dut espero–, hori bortxaren beste aurpegia besterik ez da, beste bat.
Nahiz PSOEko buruzagiek zeuen sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen duzuen, egia oso bestelakoa da. Espainiako Estatuko autonomiak indarrezko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen duten zatiketa abstraktua besterik ez dira, edo ez?
Indarrez lortutakoa kudeatzen duen sistema demokrazia ote da?
Ez zarete denak berdinak, hainbeste badakit, eta ongi jakin ere, baina ez al dizue lotsarik ematen hain demokrazia ustelaren eredu izateak?
Ba al dakizue, hemen, kolonia honetan, disidenteak nagusi garela?
Josu Iraeta, idazlea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.