Lehenak, besteak beste, etxegabetzeak saihesteko babesa 2030era arte luzatzea, aldi baterako alokairuak eta gelakakoak erregulatzea eta funts putreei etxebizitzak erostea 2028ra arte debekatzea jasotzen ditu, eta Kongresuan onartzeko aukera asko ditu. Bigarrenak, berriz, maizterren kontratuak automatikoki berritzea jasotzen du, baina zenbait alderdik dagoeneko haren kontrako jarrera adierazi dute, EAJk adibidez. Bi dekretuak onartu ala ez ostiralean bozkatuko dute Espainiako Kongresuan. Maizterren Sindikatuak Sol plazako kanpaldiarekin jarraitzea erabaki du.
Astelehen gauean eta astearte goizean izandako negoziazio luzeen eta estuen ostean, akordio batera iritsi dira Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumar alderdiak astearte goizean egin den Ministroen Kontseiluan. Bi dekretutan banatu dituzte neurriak, eta lehenak honako hauek biltzen ditu, besteak beste: etxegabetzea saihesteko babesa 2030era arte luzatzea; funts putreei etxebizitzak erostea debekatzea 2028ra arte; indarrean dauden eta 2028ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen diren alokairu kontratuak bi urte luzatzea; eta aldi baterako zein gelakako alokairuak erregulatzea.
Lehen dekretu horretako neurriak zabalak direnez, Espainiako Kongresuak onartzeko aukera asko ditu; bigarrenean, ordea, etxebizitzaren aldeko mugimenduek gehien eskatu duten neurria txertatu: alokairu kontratuak automatikoki berritzea eta mugagabe bihurtzea. Hortaz, alderdiek beste neurriengandik bananduta onartu beharko dute, aukera gutxiago izanik indarrean sartzeko.
Prozesu korapilatsua
Bi dekretuek "etxebizitza eskubidea defendatzeko" neurriak biltzen dituztela nabarmendu du gobernuak, eta jakinarazi du Kongresuan ostiralean egingo dutela biak onartu ala ez erabakitzeko bozketa.
Astelehen arratsaldean zenbait hedabidek argitara atera dituzte etxebizitza dekretua osatzeko PSOEk proposatutako neurriak, xehetasun argirik gabe. Yolanda Díaz Lan ministroak eta Sumarreko buruak adierazi zuen dekretuak honako neurriak bildu beharko lituzkeela "bai ala bai": alokairuen luzamendua, etxegabetzeen babesa, aldi baterako eta gelakako alokairuen erregulazioa eta iruzur turistikoaren amaiera.
Ministro Kontseiluaren ondoren, Sumarrek adierazi du dekretuek etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduak eta Maizterren Sindikatuak aldarrikatutako neurriak biltzen dituztela, ez "neurri deskafeinatuak edo erdizkako neurriak". Ikusteko dago, ordea, ea gobernua babesten duten alderdi guztiek dekretuen alde bozkatuko duten ostiraleko saioan: EAJk eta JxCk salatu dute jabe txikiak "babes juridikorik gabe" uzten dituztela.
Neurriak
13:00etarako aurreikusita bazegoen ere, beranduago hasi da Isabel Rodríguez Etxebizitza ministroak dekretuen inguruko xehetasunak azaltzeko egin duen agerraldia. Azpimarratu du akordioak "garrantzia sozial eta politiko handia" duela, etxebizitza herritarren lehen kezka eta arazoa baita.
Honako hauek dira gobernuko Ministroen Kontseiluan onartutako neurriak:
Kanpaldiarekin aurrera
Hain zuzen, Maizterren Sindikatuko bozeramaile Valeria Racuk dekretua bitan banatzea gaitzetsi du, "apurrak" eskaintzeko eta hauteskunde kanpaina egiteko "taktika" dela egotzita: "Maricarmen dekretua koma bat bera ere aldatu gabe onartu behar da". Horrela, asteburuan Madrilgo Sol plazan abiatutako eta ehunka lagun bildu dituen kanpaldiarekin jarraitzea erabaki dute: "Etxebizitza dekretua mugarri izan behar da herrialdeko etxebizitzaren egoeran".